Kito. Zuzendaritzak ez du pazientzia gehiago izan. Enrique Martin Monrealek Osasunako entrenatzaile izateari utzi dio.
Luis Sabalza buru duen zuzendaritzak astelehen gauean hartu du teknikaria kargutik kentzeko erabakia, Iruñeko taldeak denboraldi hasiera honetan daraman bide eskasa dela eta.
Petar Vasiljevic kirol zuzendariak eman du erabakiaren berri, gaueko 21:30 paseak zirenean. Alfredo Sánchez orain arte taldeko bigarren entrenatzaile izan denak hartuko du jokalariak entrenatzeko ardura, klubak Martinen ordezko bat fitxatu artean.
Sanchezek astearte goizean zuzenduko du lehen entrenamendua, Taxoaren, 10:00etan, eta pentsatzekoa da Martin bera Taxoarera joango dela, azken urte eta erdian haren aginduetara aritu direnak agurtzeko.
Emaitza txarrek kondenatu dute Martin, talde gorritxoa sasoi hasiera eskasa ari baita egiten. Lehen 11 jardunaldiak jokatuta, Osasuna azken-aurrena da sailkapenean, zazpi punturekin.
Partida bakarra irabazi du, lau berdindu eta sei galdu. Urriaren 17an Ipuruan lortutakoa izan du garaipen bakarra (2-3). Sadarren, adibidez, ez du neurketa bakar bat ere irabazi.
Eskas ari da Osasuna, baina okerrena da ez zaiola suspertzeko gaitasunik antzematen. Horregatik hartu du erabakia zuzendaritzak.
Martinek, beraz, amaitu du bere hirugarren aroa Osasunan. Urte eta erdian egon da azken honetan, iazko maiatzean taldearen ardura hartu eta azken sei jardunaldietan Bigarren B Mailara jaistetik salbatu zuenetik.
Hurrengo sasoian, berriz, handia egin zuen, taldera Lehen Mailara eramanda. Itzulerak eragindako pozak, ordea, gutxi iraun du.
Osasuna jada hasi da Martinen ordezko bat fitxatu nahian. Joaquin Caparros da hautagai nagusia. Entrenatzaile espainiarra langabezian dago, iazko urtarrilean Granadak kargutik kendu zuenetik.
Klubaren asmoa da entrenatzaile berria hurrengo partidarako edukitzea. Horretarako denbora badu, hamahiru egun barru jokatuko baitu Osasunak hurrengo norgehiagoka ligan, Leganesen (Espainia).