Osasunak Ligako boladari eutsi nahi dio Racingen aurka

Hurrengo hiru partidak etxean jokatuko dituzte Mendilibarrenek, eta orain arte bezain sendo jarraitu nahi dute

Iruñea
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Kopa ahaztu, eta Ligan jarri behar du arreta orain Osasunak, urtarrilean sailkapeneko postu gozoenetan finkatzeko aukera baitu, zalantzarik gabe. Ligako azken sei jardunaldietan ez dute partidarik galdu gorritxoek, eta tarte horretan batu hamabi puntuei esker sailkapeneko bosgarren postuan dira. Orain, gainera, hiru partida jarraian etxean jokatzea egokitzen zaio, gaur arratsaldetik bertatik hasita. Santanderko Racingen aurka ariko da 16:00etatik aurrera, Valentziaren aurka datorren asteburuan, eta Atletico Madrilen aurka azkenik, hilaren 30ean, astelehenez. Ez dira norgehiagoka errazak izango, baina sasoia hasiz gerotik Nafarroako Erresuman partidarik ez dute galdu nafarrek Ligan, eta bere gotorlekuan puntuak batzen jarraituz gero hil honen amaieran gozo izango da Osasuna.

Ordea, hurrengo asteetako konpromisoei begiratu beharrean, gaur arratsaldekoari erreparatu behar diete Jose Luis Mendilibarren jokalariek. Racingek arazo ugari izan du sasoia hasiz gerotik, eta teorian hurrengo hiru partidetako errazena dirudi. Estatistikek, baina, erne ibiltzeko adierazten dute. Azken denboraldietan Iruñean puntu gehien batu duen taldea da Racing —lau aldiz irabazi dute azken bost bisitetan—; inoiz ez da aurkari samurra izan gorritxoentzat, eta argi ibili beharko dute, beraz. Azken lau jardunaldietan ez dute porrotik jaso espainiarrek, gainera. Horregatik, Ligako bolada onari jarraipena ematea da gorritxoen asmo bakarra.

Aldaketak hamaikakoan

Mendilibarrek aldaketak egingo ditu hasierako hamaikakoan. Gutxienez bat egitera derrigortuta dago, Patxi Puñalek denboraldiko bosgarren txartel horia ikusi baitzuen Anoetan. Uhartekoak partida bateko zigorra bete beharko du, eta Timor da hura ordezkatzeko hautagai nagusia. Damiak senda-agiria jaso zuen atzo, bestalde. Atzelari kataluniarra deialdian sartu zuen entrenatzaile bizkaitarrak, baina Marc Bertran ere osatuta dago; beraz, bi kataluniarren arteko hautua egin beharko du Mendilibarrek atzeko aldeko eskuin hegalerako.

Aurreko lerroan ere izan daiteke berritasunik, ezker hegala Annunziatari eman eta Lamah erdi-punta lanak egiten jar dezakeelako zaldibartarrak. Raul Gartzia ere deialdira itzuli da, hilabete inguru min hartuta egon ondoren, eta litekeena da bigarren zatian zelairatzea. Bartzelonaren aurkako Kopako partidan minutu batzuk jokatu ahal izan zituen. Roversiok, Kike Solak, Etxaidek eta Masoudek, berriz, min hartuta jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.