Gaurko neurketak jokatu aurretik zituzten sentipenekin jarraituko dute Osasunak eta Athleticek. Gorritxoek 3-1 irabazi diote Sadarren Valentziari, eta beste urtebetez Lehen Mailan segituko dute. Pozik dira, beraz. Zuri-gorriek, berriz, 0-0 berdindu dute Betisen zelaian. Gazteekin aurpegia eman dute, baina burumakur segitzen dute, Espainiako Kopako kolpeen ostean. Hala ia agur esan diote hurrengo sasoian Europan egoteari.
Osasunak jokatu du aurrena. Azkenaldian bezala partida txukuna jokatu du Jagoba Arrasateren taldeak, osoa. Valentziak baino intentsitate handiagoz jokatu du, eta horrek eman dio garaipena, Valentziak atzetik baloia ateratzerakoan egiten dituen akatsak baliatzearekin batera.
Javi Graciaren taldeak beste behin erakutsi du gabezia hori, eta horri esker iritsi dira Osasunak lehen zatian sartu dituen bi golak. 1-0ekoa Javi Martinezek sartu du 13. minutuan. Harrobiko jokalariak Lehen Mailan egin duen aurrenekoa izan da. Parekatu egin da hortik aurrera neurketa, eta Guedesen eskutik Valentziak hobera egin du. Hala, haren pase on bat bikain baliatu zuen Gameirok, berdinketa egiteko 30.ean. Baina bi minutu baino ez die iraun pozak valentziarrei, Osasunaren mesederako. Gayak pase txarra eman du, eta oraingo honetan Javi Martinez da Calleriri baloia utzi diona, eta hark ez du barkatu.
Bigarren zatia bide beretik hasi da, eta VARak berrikusitako penalti bat huts egin du Roberto Torresek. Baina ia hurrengo jokaldian beste bat adierazi du Melero Lopez epaileak. Oraingoa barrura, 65. minutuan. 3-1ekoarekin poltsikoan zuten partida gorritxoek. Baina berdin jarraitu dute, eta aldea areagotzeko hainbat abagune ere izan ditu. Baina ez da gol gehiago izan.
Athletic, gris
Ligan bosgarren berdinketa kateatu du Athleticek. Aldartea hobetzeko beharra zuten zuri-gorriek, eta aukera aparta izan dute horretarako. Izan ere, Betis jokalari bat gutxiarekin aritu da 10. minututik, Media Jimenez epaileak Fekir kanporatu baitu. Epaileak, aurretik, ez du adierazi bigarren minutuan Emersonek Morcillori egindako penalti nahiko argi bat. Hain zuzen, hegalekoa izan da hasierako hamaikakoko berritasunetako bat. Gazteen alde egin du apustu Marcelinok. Bizi eta txisparekin jokatu dute lehen zatian, baina ez dituzten izandako aukera apurrak baliatu. Bigarrenean, berriz, adoreari eutsi diote, baina jarraitutasuna eta argitasuna falta izan zaie. Minutuak aurrera joan ahala, gainera, Betisek balekotzat jo du berdinketa.
Aldaketekin hobera egin du talde zuri-gorriak. 82.ean epaileak baliogabe utzi du Raul Garciaren gol bat. Ondoren, 91.ean, zutoinera bidali du Villalibrek baloia. Azken aukera, ordea, Betisek izan du Lainezek gutxigatik ez zuen lortu gola. Unai Simonek esku ona atera zuen.