Jose Luis Mendilibarrek ate aurrean du denboraldiko lehen buruhauste handia. Ligako lehen partidan erabili zituen bi erdiko atzelariak eta, bide batez, denboraldi-aurrean gehien nabarmendu zirenak min hartuta daude. Roversiok eta Sergiok zuntz haustura dute, eta ez batak ez besteak ezingo du jokatu igandean Granadaren aurka. Horiek hala, Ruben eta Flaño ariko dira hasieratik, eta, bietako bat ordezkatu behar izanez gero, Mendilibarrek Lolo atzeratu dezake.
Osasunak itxura ona eman zuen herenegun Sevillaren aurka. Partidak, baina, ondorio txarrik ere izan zuen. Roversiok zuntz haustura egin zuen ezkerreko giharrean, eta hiru aste egin beharko ditu geldirik. Sergiok lesio bera jasan zuen hilaren 11ko partidan, eta igandean ezinezkoa izango du jokatzea. Roversiorentzat bizkarreko handia da, urtebetez utzita egon eta denboraldi-aurre bikainaren ondoren Mendilibarren konfiantza irabazi baitu.
Ordezkoak Ruben eta Flaño izango dira. Rubenentzat aldarrirako aukera da, herenegun erakutsi zuelako jokalari ona dela. Sevillaren aurkako bigarren zatian bera izan zen onena, eta inork ez zuen Sergioren hutsunea nabaritu. Baloia kentzeko garaian bizkor, segurtasun handia eman zion taldeari. Igandean, berriz, Miguel Flaño izango da haren kidea. Eurak dira taldeak sasoi betean dituen erdiko atzelari peto bakarrak. Dena den, eta beharko balitz, Mendilibarrek larrialdietarako beste baliabide bat izan dezake eskura: Lolo. Iruñera iritsi zenetik erdilari gisa jokatu izan du, baina aurretik, Malagan zein Sevillan, atzeko lerroan jokatu zuen, eta ondo, gainera.
Roversio ez da min harturiko jokalari bakarra, eta Riesgoren eta Nekunamen osatze prozesua erritmo onean doa. Biek beste kideekin egin zuten lan atzo, eta larunbatean jakingo da igandean jokatzeko moduan egongo diren. Masudek eta Jon Etxaide ere min hartuta daude, baina denbora gehiago beharko dute. Irandarraren oineko arazoak nahi baino gehiago luzatu dira, eta taldeak ez du esan noiz sendatuko den. Etxaidek, berriz, beste bost hilabete beharko ditu osatzeko.
Osasunako bi erdiko atzelariak, min hartuta
Roversiok hiru asterako du, eta Sergio oraindik ez da osatu; Flañok eta Rubenek beteko dute horien hutsunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu