Luis Perez. Realeko eta Osasunako jokalari ohia

«Osasunaren aurkako derbiak latzak izaten ziren»

Realean eta Osasunan jokatutakoa da Luis Perez, eta biharko derbia aztertzen hasita, «partida parekatua» izango dela argitu du. Derbietan izaten zen giroa goratu du.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Duela hamar urte erretiratu bazen ere, baloia asteroko lagun du oraindik Luis Perez Pascualek (Donostia, 1971). Zazpiko futbolean, indoor-ean, eta beteranoekin aritzen da, eta, haren aurka jokatu dutenek diotenez, ez du galdu profesional gisa sona eman zion gaitasuna: hegaletik ziztu batean sakondu eta erdiratzekoa. «Ezin dut asko behartu neure burua [barrez]. Kontu handia izan behar dut giharrekin, beti izan baitut zuntz hausturak edukitzeko joera». Padelean ere jokatzen du, eta unibertsitatean sartzeko ikasten ari da, ingeniaritzaren bat egin nahi baitu.

Nola ikusten duzu biharko derbia?

Bientzat da zaila. Uste dut Reala baloia gehiago mugitzen saiatuko dela eta Osasuna zain egongo dela, sendo jokatzen saiatuko dela.

Reala etxean ondo dabil, eta Osasunak urtebete darama kanpoan irabazi gabe. Horrek faborito bihurtzen ditu txuri-urdinak?

Bien partidak ikusita, ez dut batere garbi ikusten. Reala puntuak pilatzen ari da etxean, baina jokoari erreparatuta, ez du ezer sobran eduki. Osasuna, berriz, galdu arren, beti egoten da puntuak batzetik gertu, eta itxura txarrik ez du ematen. Lehia handiko partida izango da.

Realak Osasuna urrundu nahi du, eta Osasunak, berriz, hiru puntura jartzeko aukera dauka.

Goikoak kenduta, puntu gutxiko tartean sartuta daude guztiak. Baina uste dut sailkapenean duen egoerak mesede egin diezaiokeela Realari, lasaitasuna emango diolako partidari dakien bezala aurre egiteko. Dinamika onean dago, konfiantzaz gainezka etxean, eta badaki zein den irabazteko bidea.

Nola gogoratzen dituzu derbiak?

Giro bereziko partidak ziren. Osasunaren aurkakoak beti ziren oso gogorrak. Gogoan dut markaketa indibiduala egiten zutela zelai guztian zehar. Metro bakar bat ez zuten uzten. Buruarentzat ere partida latzak izaten ziren.

Reala jaitsitako sasoian Nafarroako Erresuman gertatutakoa zeresana ematen ari da oraindik…

Talde guztiek irabaztera atera behar dute beti. Kirol profesionala da hau, eta ezin zaio inori halakorik leporatu. Baina ondo ulertzen dut, puntuez haratago, Realeko zaleek derbia irabazteko gogo berezia edukitzea, lehenago gertatutako guztiagatik.

Zer moduz ikusten ari zara taldea?

Lehen sasoia izateko, oso ongi. Bigarren Mailatik igo berria izanda, oso zaila da Lehen Mailan ia jokatu gabeko jokalari askorekin sailkapen erdian egotea. Argi dago helburua zein den.

Nola gogoratzen duzu zure kirol ibilbidea?

Hasierako oroitzapenak oso onak dira. Jokatzen ari nintzen, golak sartzen nituen, taldean partaide nintzen… Gero, egoera eta pertsona batzuk tarteko, dena eten zen, unerik onenean, adinik onenean. Ez dut ulertzen. Hala ere, oso lagun onak egin nituen, eta bizipen ederrak pilatu nituen. Reala da nire etxea eta nire familia.

Zein izan zen unerik gozoena?

Atotxako partidak, Real Madril eta Bartzelonaren aurka Anoetan jokatuak… Luzaroan ibili ziren han irabazi ezinik. Asko daude.

Bi hat-trick ere lortu zenituen…

Logroñesen aurkakoa Ligan egin den azkarrena dela uste dut, lau minutuan. 6-0 irabazi genuen. Gauza arraroa izan zen. Valentzia, berriz, bigarren sailkatua zen. Eta Albaceteri 8-1 irabazi genionean ere bi gol sartu nituen.

Zaleek oroitzapen ona dutela sentitzen duzu?

Denbora pasatzen denean, zorionez, egindako gauza onekin gelditzen da jendea. Jokalari zarenean, aldiz, igandean egindako hutsegiteengatik kargu hartzen dizute batzuek. Normala da. Denok osatzen dugu kluba, eta talde kirola da hau. Jokalari batzuk besteak baino hobeak dira, baina lorpenak talde lanaren ondorio dira.

Zure azken urteak zailak izan ziren. Taldetik baztertuta ere eduki zintuzten.

Klubaren barruan batzuek ez zuten asmatu taldearen aginte makila behar zuen jendea mantentzen, eta Bernd Kraussi eman zioten erabakitzeko botere guzti-guztia, hemen gertatzen zenari buruz deus ere ez zekien arren. Horregatik joan nintzen minduta. 200 partida neramatzan Lehen Mailan, eta ezin nuen minutu bakar bat jokatu gabe egon. Kanpotik zetorren pertsona baten erabakia izan zen, eta klubean inork ez zuen ezer egin.

Hala ere, emaitzak ez ziren txarrak izan, ezta?

Oso denboraldi ona egin zuen taldeak, baina, nire ustez, hor hasi zen sortzen zortzi-hamar urtez pairatu genuen arazoa. Argi eta garbi esan nuen, Krauss Realean zenbat eta denbora gehiago egon orduan eta min handiagoa egingo zuela. Eta hala izan zen. Lekukoa hartuko zuen jenderik gabe gelditu zen Reala, eta harrobikoen hutsunea atzerritarrek bete zuten. Horrek luzera begira natura galtzea eta arazoak ekarri zizkion kluba. Zorionez, badirudi orain bere onera itzultzen ari dela.

Gutxik gogoratzen dute Reala utzi ondoren urte eta erdi eman zenuela Osasunan.

Oso gutxi jokatu nuen hasieran. Presidenteak fitxatu ninduen, ez entrenatzaileak [Martin Monreal]. Taldea ondo zegoen, Trzeciak eta Zigandarekin, eta ez nuen tokirik. Bigarren urtean, Lotina iritsi zenean, Martin Gonzalez kirol zuzendariaren gomendioz ez ninduen aintzat hartu. Ez nuen jokatzeko inolako aukerarik izan.

Real Unionen jokatu zenuen azken denboraldian.

Asko gozatu nuen. Urte polita izan zen eta lagun mordoa egin nuen. Kirol arloan hainbestean joan zen dena. Azkenean erretiroa hartzea erabaki nuen. Ez nuen ilusio handirik. Aukeraren bat nuen Bigarren Mailan jokatzeko, baina azken urteek nahiko ukituta utzi ninduten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.