Osasunak ligan partidarik irabazi gabe jarraitzen du. Hatz puntekin ukitu du Las Palmasen aurka, baina azken minutuan egin dio ihes David Garciak korner sarturiko golaren erruz (91. min.). Iruñeko taldea azken aurreko postuan dago, hiru punturekin. Granada azkenak baino bat gehiago.
Osasunak partida hasi eta berehala sartu du lehen gola, Torresek penaltia sareetara bidali duenean (6. min.). Boatengek egin du penaltia, baloia eskuarekin ukituta. Gol goiztiarrak partida baldintzatu du, hortik aurrera Osasunak baloia oparitu diolako Las Palmasi. Gorritxoek serio eutsi diote lehen zatian, eta Las Palmasen atzeko lerroko huts bat baliatu dute bigarren gola sartzeko. Sergio Leonek sartu du (46. min).
Bigarren zatian Las Palmasek une oro izan du baloia. Osasuna atzean sartu da, gehiegi, eta Victor Gomezek sartu du 2-1ekoa 56. minutuan. Partidak aurrera egin hala Las Palmasen agintea areagotu egin da, baina kamuts aritu da. Azkenan, baina, puntu bat urratu d u luzapenean.
Golak: 1-0: Torresek (pen. 6. min); 2-0: Sergio leonek (46. min); 2-1: Gomezek (56. min.); 2-2: David Garciak (91. min.).
Martin Monreal, ondoezik
Enrique Martin Monrealek ezin izan du partida zuzendu. Lehen zatian ondoezik sentitu da eta aldagelara eraman dute. Medikuek artatu dute eta han egin du partida osoa. Hobera egin duenez, ez dute ospitalera eraman.