Nafarroako Gobernuak lagundu egingo dio Osasunari, estadioan eta taldearen arropan Reyno de Navarra izena mantendu dezan. Yolanda Barcina Gobernuko presidenteak azaldu zuen atzo irtenbide bat bilatzen ari direla, Iruñeko taldeari bere zorra ordaintzen laguntzeko. Osasunak zorra «bere osotasunean» ordainduko duela ziurtatu zuen, eta gobernuak «zatikatu» egingo duela, taldeari «lagundu» nahi diolako.
Aurreko astean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen aurten ez ziola 1,4 milioi euroko diru laguntza emango taldeari. Horren ondorioz, Osasunak estadioaren izena aldatzea erabaki zuen, Reyno de Navarra izena kendu eta Sadar berrezarriz. Neurri horrek kalte egiten dio gobernuari, eta izena mantentzeko akordio bat lortu nahi du gorritxoekin.
Bestalde, Osasunak atzo jakinarazi zuen Lacturale izango dela bere babesle nagusia datozen bi denboraldietan. Hortaz, Nafarroako nekazarien taldearen publizitatea eramango dute gorritxoek elastikoan. Akordioa abuztuaren 6an sinatuko dute.
Kirol arloan, Iruñeko taldeak lagunartekoa jokatu zuen atzo Herbehereetan, De Graafschap taldearen aurka, eta bana berdindu zuten. Gorritxoek aurrea hartu zuten bigarren zatia hasi eta berehala, Kike Solari esker, baina gutxi iraun zien pozak. Berehala sartu zuten gola kontrarioek. Gero bi taldeek izan zituzten neurketa irabazteko aukerak, baina ez zituzten baliatu.
Realaren garaipena
Realak 2-1 irabazi zion atzo Zaragozari, Bergaran jokaturiko partidan. Ongi aritu ziren txuri-urdinak, eta itxura ona eman zuten. Imanol Agirretxek sartu zituen Donostiako taldearen bi golak. Irabazten hasi arren, berdinduta luzaro egon zen Reala bigarren zatian, baina 79. minutuan erabaki zuen lehia Usurbilgoak.
Realak Gipuzkoan jokatzen duen azken lagunartekoa izan zen. Izan ere, talde txuri-urdinak Italiara egingo du bidaia larunbatean, Parman egonaldia egiteko. Bertan, lau lagunarteko jokatuko ditu, Italiako lau talderen aurka. Ez da ziurra Joseba Llorente bertan izango den, Osasunatik gertu dagoela baitirudi.
Osasunari laguntzeko asmoa du gobernuak, zorraren ordainketan
Lacturale nekazari taldea izango da gorritxoen babesle nagusia hurrengo bi denboraldietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu