Iban Mayok ezin izan zuen bere aurtengo erakustaldietako bat sinatu atzo korritu zen Alpeetako Klasikoan. Dena den, Igorrekoa gertu gelditu zen, oso gertu; izan ere bost mendate dituen proba esprintean bukatu zen, eta bertan Phonak taldeko Oscar Pereiro baino ez zen Mayoren aurretik sartzeko gai izan. Azpimarratzekoa da Iñigo Landaluzek egindako lana ere, Euskalteleko getxoztarra zazpigarren postuan iritsi baitzen.
Alpeetako Klasikoaren gainbehera nahiko agerikoa bada ere aurten hamabi talde eta 91 txirrindulari baino ez ditu batu, probak bere lehiakortasun ospeari zintzo eutsi zion. Hala, atzoko lehenengo mendaterako jada erasoak hasiak ziren eta probako igoera guztietan egon zen ihes egiten saiatu zen norbait.Dena den, tropeleko oilarrek ez zuten ezustekorik nahi eta azkeneko mendatean, Revardekoan, Carlos Sastrek erasoa jo eta, besteak beste, Iban Mayok, Oscar Sevillak eta Iñigo Landaluzek osatzen zuten zortzikote batek baino ezin izan zion jarraitu. Zortziek batera igo zuten Revardeko gaina eta jaitsieraren osteko esprintean Pereiro izan zen bizkorrena Aux Les Bainseko helmugan; ihesaldiko beste zazpi partaideek denbora bera erdietsi zuten.
Francisco Mancebo nagusi Alemaniko Itzuliko etapan
Illes Balears taldeko Francisco Mancebo espainiarrak irabazi zuen atzo Alemaniako Itzuliko seigarren etapa. Itzuliko etaparik menditsu eta gogorrenetakoan, milimetro batzuengatik nagusitu zitzaion helmugan Jens Voigt alemaniarrari (Team CSC). Patrik Sinkewitz gazteak lidergoari eutsi zion, eta berak irabaziko du gaur itzulia, ezusteko handirik ezean.
TXIRRINDULARITZA. ALPEETAKO KLASIKOA
Oscar Pereiro esprintean nagusitu zaio Iban Mayori Alpeetako Klasikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu