Golak. 0-1: Munirrek (15. min.); 0-2: Neymarrek (25. min.); 1-2: Adurizek (88. min.). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Athleticeko Laporte, Iturraspe, Etxeita eta De Marcosi; eta Bartzelonako Iniesta eta Macheranori. Bestelakoak. 53.000 ikusle San Mamesen.
Miraria ez, baina ia. Athleticek epika asko eta gau handi bat beharko du Bartzelonan Espainiako Kopan bizirik jarraitzeko. Oso baikorrentzako misioa da hori, baina halakoak egon badaude Bilbo aldean, Adurizengan fede itsua dutenak. Hark atzoko partidan 88. minutuan sarturiko golak elikatuko ditu aste osoan baikor kroniko horiek. Errealitatea baina, ezin da ezkutatu, egun Bartzelonaren etxean kanporaketa bat altxatzea ia ezinezkoa da —asteazkenean jokatuko da itzuliko partida—, eta horretarako Athleticek atzo baino sendoagoa izan beharko du atzean. Erasoan, aldiz, partidako azken hamar minutuetako bideari jarraitu beharko dio.
Futbola krudela da maiz, eta atzo Athleticen jasan zuen. Ez emaitza justua ez delako, erasoan eginikoak ez zirelako izan bi gol merezitzeko modukoak, baina bai atzeko grinak saririk ez zuelako jaso. Bilboko taldea gogor eta oso aurrean presionatuz irten zen, anbizioz, Bartzelona itotzeko asmoz. Eta lortu zuen hogeita bost minutuz. Baina aurkaria egun munduko talderik onena da, eta Athleticen atzeko lerroko bi itogin aski izan zituen partida putzu beltz bilakatzeko.
Lehen gola kolpe gogorra izan zen Athleticentzat, presioa hobekien egiten ari zenean iritsi zelako. Arda Turamek baloi bat kontrolatu zuen hegalean, eta Athleticen hiru jokalarien artetik pase zehatza eman zion Rakitici (25. min.). Hiruen artean ere ezin izan zuten eragotzi. Beste guztia Bartzelonaren kalitatearen erakustaldia izan zen. Rakiticek erdiraketa neurtua egin zuen lehen ukituan eta Munirrek, bi erdiko atzelarien artean, sareetara bidali zuen baloia.
Golak konfiantza kendu zion Athletici, hobekien egiten duen, eta atzo egiten ari zen horrek, presioak alegia, egin zuelako kale. Galtzen joanda zalantzak hasi ziren atzean, eta, bide batez, erabaki txarrak. Buru hotza falta izan zen atzean. Bigarren golean argi gelditu zen hori, hiru jokalarik huts egin baitzuten (35. min). Sergi Robertok pase bat sartu zuen area barruan eta Neymarrek baliatu zuen. Tartean, Etxeitak zalantza egin zuen pasearen bila joatean; Herrerinek, bere aldetik, gaizki neurtu zuen irteera eta ez zuen baloia urrundu; eta, azkenik, Laporte labaindu egin zen Neymarren aurrean. Bartzelona 0-2koarekin iritsi zen atsedenaldira, merezi baino gehiago.
Athletic ausart irten zen bigarren zatian. Hasi eta berehala Munirrek hirugarrena sartzeko aukera izan zuen, baina hala ere zuri gorriak ez ziren otzandu. Erasora jo zuten erdiraketa eta areaz kanpoko jaurtiketekin. Grina eta gogoak, baina, zehaztasunaren gainetik egon ziren eta zatiaren lehen ordu erdian ez zioten susto handirik eman Bartzelonari.
Azken txanpan, baina, partida piztu egin zen. Iniestak baloia poltsikoan sartu zuen eta haren eskutik Bartzelonak partida lokartzen saiatu zen. Baina ez zuen lortu, azken hamar minutuetan Athleticek oldarraldia izan zuelako. Orduan iritsi ziren aukerak. Aurrenekoa Sabinen burukada bat izan zen (80. min.), baina Ter Stegenek geldiketa ona egin zuen.
Urdulizko erdilariak minutu oso onak jokatu zituen eta pizkundearen erantzule nagusietako bat izan zen. Gola, aldiz, azken aurreko jokaldia izan zen (88. min), Adurizek baloia ehizatu zuen area barruan eta zaleak erotu zituen. Adorearen saria zen, eta zaleek eskertu zuten, orro artean bukatu baitzuten partida.