Beste partida bat galduz esan dio agur Realak Europari, kontinenteko txapelketetara lehenbailehen itzultzeko asmoz. Edozein emaitza lortuta ere, Txapeldunen Ligatik kanpo eta Europa Ligara sartzeko aukerarik gabe zeuden donostiarrak, baina, tamalez, beste bat galdu dute azkenean, Omar Toprak-ek sartutako golarekin.
Harmailetan hotz hasi da partida, baina garrantzitsua zen ondo jokatu egin eta Europako lehiaketa nagusiari itxura onarekin agur esatea. Itxura ona bai, baina emaitza onik ez, ordea. Lehen minutuetan aukera askorik gabe, 9. minutuan jokaldi ona egin dute Pardok eta Griezmannek, baina kanpora joan da frantziarraren jaurtiketa. Hurrengo jokaldian, berriz, falta jaurtiketan, zutoinera bidali du baloia Gonzalo Castrok. Minutu horietan jokoa oso ondo banatu du Pardok, eta Griezmannek bi aukera izan ditu, errioxarraren bi pase jasota. Bayerrek, ordea, bi aukera on sortu ditu kontraerasoen bidez. Realaren atzealdea estututa, 24. minutuan, falta batean eduki du Bayerrek aurretik jartzeko aukera ona, baina area txikian bertan Rolfesi gora joan zaio errematea, buruz. Lehen zatiaren amaieran asko estutu du Realak, eta Griezmannek beste bi aukera on eduki ditu. Zelai erdian nagusi dira txuri-urdinak, nahiz eta ez diren gai izan aukera argi-argiak sortzeko. Zubikarai bi irteeratan larri ibili ondoren, lehen zatiko azken jokaldian Griezmannek goleko pasea eman dio Velari, baina, bere burua lurrera botata, mexikarra ez da iritsi errematera. Bigarren zatia hastearekin batera sartu du gola Omer Toprak-ek, korner batean, jokaldi nahasian. Aurretik geldiketa bikaina egin du Zubikaraik. Reala jota geratu da golarekin, eta Bayerrek beste bi aukera on eduki ditu 0-2koa sartzeko, Kiesslingek zutoinera bidalitako beste baloi bat tartean. Zubikaraik hiru geldiketa on egin ditu tarte horretan. Xabi Prieto zelairatzearekin batera arrisku jokaldiak sortzen hasi dira etxekoak; Pardoren jaurtiketa bat argiena. 65. minutuan Gaztañaga zelairatu du Arrasatek, erdiko atzelari gisa, eta Txapeldunen Ligan debuta egin du andoaindarrak. Estutu bai, eta Griezmannen eskutik, gola gertu eduki ere bai. Baina Bayerrek barkatu du 0-2koa, 89. minutuan. Partida bat berdinduta eta bost galduta esan dio Realak agur Europari.