Andoni Iraola. Athleticeko jokalaria

«Oso giro ona dauka Realak taldean»

Andoni Iraolaren arabera, larunbateko derbian San Mamesen partida askotan Athletic zelairatu den indarrarekin agertuz gero, «zaila» izango da Realarentzat erritmo horri aurre egitea.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Andoni Iraola (Usurbil, Gipuzkoa, 1982) ohitu egin da derbiak jokatzera. Makina bat jokatu du. Horregatik, normal-normal egiten die aurre. Athletic Europan ikusten du, baina argi dauka horretarako gauzak ondo egin beharko dituztela.

«Utzi alde batera jokoa. Begiratu sailkapenari, lagun», esan zuen Joaquin Caparrosek Osasunari irabazi ostean. Ados zaude entrenatzaileak esandakoarekin?

Denboraldiko une honetan emaitza da garrantzitsuena. Hala ere, badakigu askoz aukera gehiago izango dugula irabazteko ondo jokatuz gero. Iruñean jokatzen diren partida guztiak berdintsuak izaten dira. Oso gaitza da bai Osasunak, bai guk eta baita gainerako taldeek ere ondo jokatzea. Gorritxoek oso zuzen jokatzen dute euren zaleen aurrean. Bestalde, guk argi geneukan ez genuela arriskurik hartuko. Beraz, espero genuen bezalakoa izan zen neurketa.

Caparrosek zorte handia duela esaten da. Kontua da sarri esan dela hori. Beraz, zortea baino gehiago egongo da entrenatzaileak lortzen dituen emaitzen atzean, ez?

Zortea behin edo birritan izaten da. Neurketa askotan, Iruñean gertatutakoaren kontrakoa pasa zaigu. Ondo zein txarto jokatu, talde lehiakorra da Athletic. Neurketa amaitu arte etsitzen ez duen talde bat da. Lehiakortasun horrek puntuak eman dizkigu.

Kanpotik begiratuta, ematen du Athleticek ez dakiela zer egin gura duen zelaian, ez daukala jokatzeko era landuta. Zer diozue barruan zaudetenok?

Gure gabezia nagusia etxetik kanpoko partidetan dago. San Mamesen partida on asko jokatu ditugu. Itxura ona eman dugu. Etxetik kanpo, ordea, taldeak askoz apalago jarduten du. Beharbada, ausartagoak izatea falta izan zaigu.

Athletic Ligako bosgarren taldea da. Ez dirudi gehiago eskatu ahal zaionik. Sentitzen al duzue baloratzen zaituztetela?

Zaleek baloratzen dute egiten ari garen lana. Hala ere, futbolean ohikoak dira kritikak. Goi mailan, prest egon behar dugu gauza onak eta txarrak entzuteko. Taldea denboraldi ona egiten ari da. Pauso bat falta zaigu helburua lortzeko, eta lortzen badugu, emaitza aldetik ezingo digute gehiago eskatu. Hala ere, guk badakigu arlo askotan daukagula hobetu beharra.

Zenbaitzuek zuen jokoa kritikatzen dute. Uste dute zelaian erakusten duen baino gehiago emateko gai dela taldea. Ados?

Guztiok dakigu hobetu dezakegula. Baina ziur naiz, Bartzelonakoak alde batera utziz gero, gainerako talde guztietako jokalariek esango dutela asko dutela hobetzeko.

Norberaren lana aintzat hartzeko, baliagarria izaten da ingurukoek zer egiten duten aztertzea. Atletico Madril eta Sevilla, goi mailako talde bi, ez dabiltza Athletic baino hobeto. Horrek gauzak ulertzen lagundu beharko luke?

Aurreko denboraldietan argi ikusten genuen sei talde Athletic baino pauso bi aurrerago zeudela. Bagenekien Europan sartzeko ezinbestekoa zela alde hori murriztea. Bada, denboraldion Atletico Madrilen zein Sevillaren aurka lehiakorrak izan gara. Gaur egun, haien aurretik gaude sailkapenean. Hori gure meritua da.

Athleticek Europan jokatuko duela apustu egin dutenek ba al dute lasai egoteko arrazoirik?

Oraindik lan handia daukagu egiteko. Puntu asko behar ditugu. Hala ere, egoera onean egoteaz gain lan ona egiten ari garela iritzi diot. Beraz, nik uste dut gure alde egin dutenek irabazi egingo dutela apustua. Iazko kolpearen ostean, denboraldion ezin digu ihes egin Europak.

Talde gehienei ari zaie kostatzen irabaztea. Liga azken txanpan sartu da, eta freskotasuna falta zaizue. Athleticen, esaterako, Llorenteri nabaritu zaio beherakada. Hura ondo ez badago, Athletic ere ez dago ondo?

Gu ez gaude abenduan geunden moduan, baina gainerako taldeek ere gure gabezia bertsuak dituzte. Daukagunarekin bete-betean egin behar dugu aurrera. Ondo dagoenean zein sasoiko ez dagoenean, oso futbolari garrantzitsua da Llorente. Asko ematen digu. Iruñean, erakutsi zuen gutxi eginda asko lortzeko gai dela.

Ez al daukazue erdiko aurrelariarenganako menpekotasun handiegia?

Bartzelona goi mailako taldea da, ez? Bada, zer gertatuko litzaioke Messi kenduz gero? Asko galduko luke, ziur. Guri berdin gertatzen zaigu. Llorenteren dohainak baliatzen ahalegindu behar dugu. Orain arte oso emaitza ona eman digu.

Erdi mailako taldeen eta talde apalen aurka puntu asko ari zarete eskuratzen. Reala multzo horretan sar daiteke. Kontua da derbiek zerikusi gutxi izaten dutela ohiko neurketekin.

Argi dago partida berezia dela. Anoetan ondo irabazi ziguten. Bi taldeentzat dira garrantzitsuak jokoan dauden puntuak. Guretzat, Espanyolen kontrakoa da sasoi amaierara bitartean geratzen zaigun neurketarik garrantzitsuena, baina guztiok gura izaten dugu derbiak irabazi.

Zer da Realak daukan onena?

Kanpotik begiratuta, taldean oso giro ona daukala ikusten dut. Horrek esan gura du jokalari guztiek taldearen onerako egiten dutela lan. Egoera zailetan, oso garrantzitsua da batasuna.

Eta zer da Athleticek larunbatean aprobetxa dezakeena?

Azken partida irabazi arren, Reala ez da fin aritu azken jardunaldietan. Gol asko sartu dizkiote. Lehen itzulian, oso lan ona egin zuen defentsan, eta orain, beharbada, ez dago horren ondo.

Antoine Griezmann zaintzea egokituko zaizu. Badauka zerbait berezia jokalari frantziarrak.

Bai aurreko denboraldian eta bai sasoi honetan bikain aritu da. Realaren hegal biak oso indartsuak dira, Xabi Prieto ere oso ona baita. Baina guk ere baditugu futbolari onak, eta min egiteko aukera izango dugu.

Gorka Iraizozek eta Iker Muniainek ez dute jokatuko derbia. Hutsune garrantzitsuak dira.

Iker [Muniain] oso ondo ari da orain. Iraizoz ere garrantzitsua da taldearentzat. Hala ere, Raulek [Raul Fernandez] jokatzen badu, ziur naiz lan ona egingo duela. Derbia jokatuko duten futbolari guztiek dute gure konfiantza guztia.

Zein izango da derbiko giltza?

Zaila da galdera horri erantzutea. San Mamesen partida askotan zelairatu garen indarrarekin agertuz gero, Realarentzat zaila izango da erritmo horri aurre egitea.

Derbiko giltza zein izan daitekeen esan duzu. Eta zein da zure etorkizunaren giltza? Zer eskatuko duzu Athleticekin kontratua luzatzeko?

Ni oso gustura nago Athleticen. Hemen jarraitu gura dut. Beraz, klubak gura badu ez da arazorik egongo. Pozik egoteaz gain, Athleticek daukan proiektua erakargarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.