Txirrindularitza

Oso gogorra izango da 2019ko Frantziako Tourra

Lasterketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, txirrindulariek inoiz baino mendate gehiago igoko dituzte, 30, horietatik sei 2.000 metrotik gorakoak. Bost etapa amaituko dira goian. Probak ez du Euskal Herria ukituko.

2018ko urriaren 25a
07:29
Entzun

Bruselan hasiko da 2019ko Frantziako Tourra, uztailaren 6an, Eddy Merckxek lehen aldiz proba irabazi zuela 50 beteko direla ospatzeko. Amaitu, berriz, urtero legez, Parisko Eliseo Zelaietan bukatuko da, uztailaren 28an. Aurten etapa oso bat jokatu zen Euskal Herrian, Senperen hasi eta Ezpeleta (Lapurdi) artean jokatu zen banakako erlojupekoa. Datorren urtean, aldiz, Tourra ez da Euskal Herritik pasatuko.

Bost etapa amaituko dira goian: seigarrena, Vosgoetan, La Planche des Belles Fillesen amaituko dena; hamalaugarrena, Pirinioetako lehena, Tourmalet mitikoan amaituko dena; hamabosgarrena, Pirinioetako bigarrena, Prat d'Albisen amaituko dena; hemeretzigarrena, Alpeetako lehena, Tignesen amaituko dena; eta azken-aurrena, Alpeetako bigarrena, Val Thorensen amaituko dena. 

Azken urteetako ohiturari jarraituz, txirrindulariek kilometro gutxi egingo dituzte erlojuaren aurka, 54 besterik ez. Erdiak, bigarren egunean Bruselako kaleetan jokatuko den taldekako erlojupekoan, eta beste erdiak, Pirinoetako etapen artean Pauen jokatuko den banakako erlojupekoan.

Geraint Thomas Sky taldeko txirrindulari galesak irabazi zuen aurten Tourra. Tom Dumoulin (Sunweb) herbeheretarra sailkatu zen haren atzetik, eta Chris Froome ingelesa (Sky) jarraian. Mikel Landa (Movistar) izan zen lehen euskal herritarra sailkapen nagusian, zazpigarren postuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.