Oso luzea da arrastoa

Gaur hasiko da Munduko Rally Txapelketa, Suedian, eta Sebastien Loeb azken zazpi urteetako txapelduna da faborito argiaAurrekontuak murrizteko asmoz, autoen motorrak bi litrotik 1,6 litrora igaroko dira

unai zubeldia
Donostia
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ia dena izango da txikiagoa 2011ko Munduko Rally Txapelketan: autoen tamaina, motorren indarra, taldeen aurrekontua, euskaldunen kopurua —Egoi Eder Valdes ez da ariko Munduko Txapelketan— eta abar. Hori bai, gauza batek handi-handia, luze-luzea izaten jarraituko du: Sebastien Loeben arrastoak. Ez bat, ez bi eta ez hiru. Citroen etxeko pilotu frantziarrak azken zazpi txapelketak irabazi ditu, eta aurten ere bere izena ageri da kiniela guztietan. Gaur iluntzean hasiko da Munduko Rally Txapelketa, Suedian, 1,9 kilometroko etapa bereziarekin, eta 13 probaren ondoren, azaroaren 13an amaituko da txapelketa, Galesko Rallyarekin.

Aldaketaren urtea izango da 2011.a. Krisi garaiak tarteko, orain arteko WRC autoak ahaztu, eta apalagoekin gozatzeko garaia izango da. Azken urteotan ikuskizun apala eskaini du Munduko Txapelketak, besteak beste bi talde ofizial soilik aritu direlako lehian, eta guztien gainetik pilotu bat gailendu delako nabarmen: Loeb. Baina bulegoetako hausnarketak eman du emaitzarik, eta talde apal gehiago erakartzeko helburuarekin, aurrekontuak jaistea erabaki dute.

Domino jokoaren gisan, alor guztietan izan du horrek eragina. Aurreko denboraldiko bi litroko motorrak ahaztu eta 1,6 litrokoak izango dira sasoi honetakoak; autoen tamaina eta pisua txikiagoa izango da —luzeran orain baino 20-30 zentimetro txikiagoak izango dira, eta iazko 1.230 kiloen ondoan, 1.200 kilo edukiko dituzte aurtengoek—; talde batzuek ezingo dute lehiatu txapelketa oso-osoan —Mini autoen kasua da hori—. Beherapenen urtea izango da aurtengoa.

Hori bai, faboritoen zerrendari begiratu, eta aldaketa bakarra nabari da. Joan den denboraldi amaieran Citroen etxeak taldetik kanpo utzi zuen Dani Sordo espainiarra, eta Sebastien Ogier frantziarrari lehen taldean lekua egitea erabaki zuen. Bi proba irabazi zituen Ogierrek, Loeben auto berberarekin, eta asfalto gainean hobetu beharra daukan arren, okerrik ezean Sordok baino itzal luzeagoa egingo dio Frantziako txapeldun handiari. Citroenek etxean dauka jada Loeben ordezkoa. Loeb-Ogier Citroen etxeko bikoa ageri da, beste behin, faboritoen zerrendan goi-goian.

Begiratu batean ez baitu ematen Mikko Hirvonen eta Jari-Matti Latvala, Fordeko bikoa, maila berean daudenik. Aurreko denboraldia oso apala izan zen Hirvonenentzat, eta ikusi egin beharko da buruz zer moduz iritsi den. Teknikaz eta gaitasunez, finlandiarra da Loebi aurre egiteko gai den bakarrenetakoa. Baina istripu gehitxo izan zuen 2010ean. Latvalaren kasuan, berriz, azken urteetako joera da hori, istripuena. Oso pilotu gaztea eta azkarra da, erasokorra, baina nekez amaitzen ditu bizpahiru lasterketa jarraian. Munduko Txapelketako hamasei proba dauzkate irabazita bien artean, eta, azken denboraldietan bezala, bien artean taldeen txapelketa irabaztea izango da helburuetako bat.

Petter Solberg eta Mini autoak

Laukote hori baino koska bat edo bi beherago ageri da Petter Solberg. Talde propioa dauka norvegiarrak, eta dagoeneko hamahiru lasterketa irabazita dauzkan arren, aurrekontu apalegia dauka podiumean sartzeko. Mini autoen errendimendua, berriz, airean dago. Talde berria da, eta Italia-Sardiniako Rallyra arte ez dira lehian hasiko. Kris Meeke irlandarra eta Sordo espainiarra dira bi pilotu ofizialak, eta Sardiniatik aurrera podiumerako borrokan sartzea izango da bien helburua; eta, ahal dela, Munduko Txapelketan bientzat lehenengoa litzatekeen garaipena lortzea.

Txapelketako hamahiru probei dagokienez, asfalto gainean jokatuko dira hiru —Alemaniakoa, Frantziakoa eta Kataluniakoa—; gaur hasiko dena, Suediakoa, elur eta izotz gainean jokatuko da; eta beste bederatziak lur gainekoak izango dira. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, Turkia, Zeelanda Berria, Bulgaria eta Japonia ez daude egutegian, eta Italia-Sardinia, Argentina, Akropoli eta Australiako rallyak dira berritasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.