Usurbil. Besterik ez da entzuten azken aldian. Usurbildar baten aztikeriak utzi zuen, ia-ia, Jose Mourinho Real Madrileko entrenatzaile kargutik kanpo. Usurbildar baten bi golek eman zizkioten larunbatean Realari ligako lehen hiru puntuak. Eta usurbildar batek dauka aukera Espainiako Vueltan handiren bat egiteko. Ahotsean ere nabari zaio Haimar Zubeldiari (Usurbil, Gipuzkoa, 1977) hazita dabilela. Oso-oso fin dago. Eta fin dago egon beharra Angliru bezalako erraldoiei aurre egiteko. Hamargarren postuan ekingo dio Vueltako bigarren zatiari. Bi minutura dauka podiuma, eta oso gora begira jarri da.
Hausnarketarako egun ona izaten da atseden eguna. Zer agertu da hausnarketa horietan?
Lasai gaude. Azken egunetan erlojupekoaren zain egon ginen, etapa garrantzitsua zelako. 47 kilometro, laua, espezialistentzat egokia... Erlojupekoaren ondoren atera nahi genituen ondorioak, eta bi taldekide gaude lehen hamarren artean sartuta, aukera dezenterekin gainera. Bigarren atseden egunera arte dauden etapetan erabakiko da erabaki beharreko gehiena, eta oraingoz indartsu gaude. Saiatuko gara aurrera egiten.
Erabat gustura ere ez zenuen amaitu erlojupekoa, baina galera balekoa izan zela esan daiteke?
Bai, bai. Gorputzez oso fin nago orain, eta banekien erlojupekoan asko sufrituko nuela. Mendian errazago nabilela nabari dut, baina erlojupekoetan potentzia falta zait. Ondo aritu nintzen, hala ere, eta bizirik gaude oraindik, eta pozik nago.
Sailkapen nagusiak ez dio gezurrik: Haimar Zubeldia 10. postuan dago, eta bi minutuko langatik behera dago podiuma.
Bai, bai, egoera oso ona da. Eta kontuan eduki behar da lehen astean egoera batzuk kontra eduki genituela. Lehen egunean, adibidez, taldekako erlojupekoan, minutu erdi bat galdu genuen Brajkovicen arazoarekin, eta erlojupekoan ere minutu erdi bat hobeto egin genezakeela uste dut. Minutu hori kenduta, minutu bakarrera egongo ginen. Baina hori guztia iragana da. Lehen hamar etapa hauetan bi xehetasun horietan soilik geneukan hobetzea, eta gauzak ondo doazela esan daiteke. Fisikoki ondo nago, eta ilusioz eta gogoz gainezka nago.
Hamar etapa igarota, Brajkovic 9. postuan dago, zu 10.ean, eta Tiago Machado 16.ean. Taldekako erlojupekoari nola ekin zenioten ikusita, nahi zenuten lekuan zaudete?
Bai... Gutxi gorabehera bagenekien hirurok aukerak edukiko genituela, eta oraingoz hor gaude. Aukera bakarra edukitzea baino hobea da hiru edukitzea, eta saiatuko gara batekin ez bada bestearekin aurrera egiten.
Estrategia jokorako ez daukazue egoera txarra, azken unera itxaronda ez duzuelako edukiko etapen lehian sartzeko aukera handiegirik.
Hala da, bai. Oso etapa gogorrak geratzen dira oraindik, eta talde bakarrak lan handia egin beharko du egoera kontrolpean izateko. Etapa hasieretan aukera politak sortzen dira ihesaldietan sartzeko, eta, zuzendariek aginduko duten arren, aukera ona daukagu mugitzeko. Hala ere, goraka Machado ahulxeago ibili da, baina Brajkovic eta biok indartsu sentitu gara, eta gauza politen bat egiteko aukera izan dezakegu.
Froome, Fuglsang, Kessiakoff, Monfort, Mollema, Cobo... Espero ez ziren izen asko ageri dira lehen hamarren artean.
Hiru asteko itzulietan beti egoten dira ezusteak, eta aipatu dituzun izen horietatik gehienak Tourrean egon ez direnak dira. Freskotasun hori badaukate, eta Vueltan asko igertzen da hori. Ez harritu erditik aurrera gehiago igertzen bada. Niretzat, behintzat, ez dira ezustekoak.
Vueltaren bezperan Joaquim Rodriguez, Igor Anton, Mikel Nieve, Denis Mentxov eta Carlos Sastre jo zenituen faboritotzat, baina gehienak desagertu dira. Ondo bidean, Nibalik eskura dauka aurtengo Vuelta, ezta?
Ondo bidean, bai. Geratzen diren etapak beretzat egokiagoak dira, eta oraingoz aukera gehien Wigginsek eta Nibalik daukatela uste dut, nahiz eta Anglirun, adibidez, alde handiak egon daitezkeen. Bietako baten alde egin beharko banu, Nibaliren alde egingo nuke, igotzaileagoa delako.
Asmoak zehazten hasita, noraino hel zaitezke Vuelta honetan? Valdepeñas de Jaengo amaiera zailean, esaterako, erakutsi zenuen onenen pare zaudela.
Emaitza horiek are motibazio handiagoa eman didate. Vuelta bukaerari errespetu handia diot, Tourraren ondoren ez dakidalako indarrez nola iritsiko naizen. Baina oso ondo sentitzen naiz, eta maila honi eusteko itxaropena daukat. Noraino helduko naizen? Ez dakit. Baina uste dut badaukagula aukera sailkapen nagusian aurrera egiteko. Eta etapa garaipen bat eskura baldin badaukagu, saiatuko gara lortzen.
Betiko galdera: etapa bat edo sailkapen nagusiko lehen bosten artean lekutxo bat?
Biak. Handinahia eduki behar da, eta bi helburuak lortzeko aukera daukagu.
Tourra aipatu duzu. Radio Shackentzat erabat aldrebesa izan zen Frantziako lasterketa, Brajkovic, Horner, Kloeden eta Leipheimerren erretiroekin. Beste behin ere, Haimar Zubeldiak erantzun zuen ondoen.
Aspaldi honetan, egia esan, ez dut ikusi hain zorte txarra izan duen talderik. Lau taldeburu geneuzkan, eta bakarrarekin geratu ginen: Leipheimerrekin. Hark ere huts egin zuen gero, eta bat-batean taldeburua ni nintzela ikusi nuen. Saiatu nintzen sailkapen nagusian gora egiten, baina lehen astean beste lan batzuetan ibili nintzen, eta denbora dezente galdu nuen. Orduan ez nion aparteko garrantzirik eman, baina bat-batekoa izan zen aldaketa. Neukan mailarekin, nire lana egiteko moduan nengoen. Baina ez zen erraza izan buruari beste helburu bat neukala ikusaraztea.
Vueltara itzulita, hamar etapa joan dira, baina beste 11 falta dira, eta horietatik lau mendatean amaituko dira.
Hala da, bai. Datozen etapetan gogortasun handia dago pilatuta. Azken astean daukatenari eusteko helburuarekin aritzen dira denak, eta indartsu dagoenak aste honetan dauka saiatu beharra. Penintsulako ipar partera inguratuko gara, eta badakigu inguru horretan ez dagoela kilometro askorik ordekan. Oso etapa mugituak izango dira. Ziur.
Urrutira joan gabe, bihar [gaur] daukazue lehenengo etapa gogorra, Manzanedan amaituko dena. Alderik zailenetik igoko duzue, gainera, Manzaneda, eta igotzaileak erasoa jo beharrean daude.
Bai, bai, Puritok [Joaquim Rodriguez] atzean utzi du egunik txarrena, eta erasoa jo beharrean izango da. Behin eta berriz esan du Vuelta irabazteko helburua daukala, eta hasi beharra dauka denbora irabazten. Baina Nibalik ere aurrera egin beharra dauka, Scarponik ere bai... Jende asko dago atzean, eta oso etapa politak izango dira.
Sarria eta Ponferrada artean, ostiralean, Ancares mendatean gora zalapartarik egon daiteke faboritoen artean? Gainetik helmugara 60 kilometro pasatxo daude...
Auskalo. Etapa batzuk ezkutu samarrean daude oraingoz, baina ziur nago etapa guztietan egongo dela lehia handia. Angliruko etapa ere motza eta gogorra da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Angliru aipatuta, asteburuko bi etapek zer sortzen dute, errespetua, beldurra...
Angliruk errespetu handia sortzen du, oso-oso gogorra delako. Jende guztia etapa horri begira dago, baina ez dut uste egunik erabakigarriena hori izango denik. Edozein lekutan sor daitezke alde handiagoak. Bezperako etapan, adibidez. San Lorenzo eta La Farrapona oso gogorrak dira, eta jendea errazago mugituko da han. Angliruk muturreko zailtasuna dauka, eta jendeak zuhurrago jokatzen du.
Aurten zalaparta handi samarra sortu da Vuelta Euskal Herritik pasatuko dela eta ez dela. Noja-Bilbo eta Bilbo-Gasteiz. RadioShacken bertan bazaudete bi euskaldun. Nola bizi duzue eztabaida hori guztia?
Nik ez diot garrantzi handirik ematen. Uste dut txirrindularitzan badauzkagula arazo handiagoak gu arazo horiek konpontzen hasi gabe. Azken egunera arte zain egon gabe, familia lehenago ikusteko aukera izango dut aurten. Hori dauka ona Euskal Herritik igarotzeak. Galdera asko egin dizkidate, baina ez dut uste polemika bilatu behar denik, ez alde batetik eta ez bestetik. Tourra ere pasatzen da Euskal Herritik, eta ez diogu hainbeste buelta ematen.
Tropelean ba al dago halako ezinegonik?
Tira, bai... Tropelean hitz egin da horretaz. Egia da batzuen ustez xahutuko den diru kopuru horrekin gauza garrantzitsuagoak egin daitezkeela Euskal Herrian. Jendea ibili da arazorik egon ote daitekeen galdezka. Baina ez dut uste ezer gertatuko denik. Pankartaren bat edo beste, agian, ikusiko dugu, baina arazorik ez egotea espero dut.
Kirol arloari begiratuta, arrisku pixka bat badauka Bilbon amaituko den etapak, ezta? Vivero aldapa motza baina gogorra da.
Euskal Herriko bi etapek daukate arriskua, Urkiolak ere min egin dezakeelako. Baina Bilbon eta Gasteizen amaituko diren etapak ihesaldietarako dira, agian, egokiagoak. Sailkapen nagusia nahiko zehaztuta egongo da, eta ihesaldietarako aukerakoak izango dira bi etapa horiek.
Zerekin geratuko zinateke gustura Vuelta honetan?
Uste dut taldean badaukagula etapa garaipen bat lortzeko gaitasuna. Eta taldekideren bat lehen bosten artean sartuta ere gustura itzuliko nintzateke etxera.
Vuelta alde batera utzita, Espainiako hautatzaileak jakinarazi berri du Munduko Txapelketarako lehen hautagaiak zein diren, eta, iaz ez bezala, aurten ez zaude multzo horretan. Itxaropenik bazeneukan?
Ez, ez. Zentzuzko hautaketa egin du. Ibilbidea esprinterrentzat da egokiagoa, eta potentzia handiagoko txirrindulariak aukeratu ditu, ordekan lan egiteko egokiagoak. Beste urteren batean aukeraren bat izango dugu, agian, baina aurten ez dut denborarik galdu kontu horrekin.
Haimar Zubeldiak RadioShacken jarraituko du datorren denboraldian ere?
Gaur iluntzean [atzo] da Johan [Bruyneel] etortzekoa, baina dena hitz eginda daukagu. Gauza arrarorik gertatzen ez bada, behintzat, RadioShacken jarraituko dut hurrengo bi denboraldietan ere.
Markel Irizarrek ere taldean jarraituko du, noski...
Hori berari galdetzea izango da onena. Baina bai, bai, teorian biok jarraituko dugu taldean. Oso gustura gaude, taldea ere gustura dago gurekin, eta, ondo bidean, biok jarraituko dugu RadioShacken.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Haimar Zubeldia. Radioshackeko txirrindularia
«Oso ondo sentitzen naiz»
Urteak pasatu ahala gaztetzen ari da Haimar Zubeldia. Vuelta ona egiteko erronka jarri zion bere buruari, eta sinetsita dago 10. postutik gora egin dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu