Bezperan aldatu zuen Dinara Safinak Maria Sharapovaren kontrakoa, eta une honetan ohikoagoa da emakumezkoen lehiaketan aldaketa, baina gizonezkoetan gidoia aldatuko duen amaren semerik ez dago. Lehiaketa joan eta lehiaketa etorri, nabarmentzen den hirukotea berbera izan ohia da: Federererrek, Nadalek eta Djokovicek osatutakoa. Zerrendaburu nagusiari gaur dagokio aldez aurretiko gidoi hori betetzea, eta beste biek atzo bete zuten. Aurtengo Roland Garroseko lehen finalerdia ere Nadalek eta Djokovicek jokatuko dute.
Nadalek lur gaineko jardunean marka guztiak apurtuko ditu horrela jarraituta. Nicolas Almagro espainiarra jipoitu zuen atzo (6-1, 6-1 eta 6-1). Nadalek berak esan zuen bezperan Almagro bera mendean hartzeko gai diren tenislarien artean dagoela. Eskerrak. Ordubete eta 44 minutu baino ez zion iraun. Nadalek asko jokatu zuelako bai, baina Almagrok bererik eman ez zuelako ere bai. Lur gainean espezialista petoa da Almagro, eta aurten partida gehien irabazi duena ere bai. Sakea du ona, eta efektua berezia, baina atzo ez zuen ezertan asmatu. Batez beste 20 sake zuzen sartzen dituenak hiru baino ez zituen sartu atzo, eta horrela jokatuta Nadali irabaztea ez, estu samar hartzea ere, ezinezkoa da. Indarra, teknika, hauspoa... beste erakustaldi bat eman zuen hark, 22 urte bete zituen egunean.
Djokovicek ez zuen horrenbeste erraztasun izan Gulbisen kontra. 19 urteko letoniar gazteak aurten egin du eztanda Roland Garrosen, eta munduko tenislari onenetan hirugarrena oso estu hartzeko gai izan zen atzo (7-5, 7-6 eta 7-5). Hiru ordu baino gehiagoko partida jokatu behar izan zuen kroaziarrak, finalerdietara sailkatzeko. Orain, bi eguneko atsedena izango du Nadali aurre egin aurretik. Lur gainean ez dio irabazi sekula.
IVANOVIC ETA JANKOVIC AURRERA. Maria Sharapova kanpora gelditu denetik, Roland Garros torneoa irabaztea ez ezik, WTA zerrendako lehen postua lortzea ere badago jokoan emakumezkoen lehiaketan. Postu hori lortzeko bi hautagai nagusiek aurrera egin zuten atzo, eta elkarren kontra ariko dira finalerdietan. Ivanovic batere aitzakiarik gabeko lehiaketa ari da osatzen. Schnyderri irabazi zion atzo (6-3 eta 6-2), eta finalerdietara sailkatu da berriz. Han lehertu zen iaz, eta geroztik finalerdietara sailkatu da jokatu dituen Grand Slam guztietan. Jankovicek Suarezen ezusteko jarduna geldiarazi zuen erraz.
Oso zaila da gidoia aldatzea
Nadalek eta Djokovicek irabazi egin dute, eta berriz ere elkarren kontra ariko dira finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu