Alaves 0. Bartzelona 3

Ospatu beharrekoa

Hasi eta bukatu Bartzelona nagusi izan arren, oso partida serioa jokatu du Alavesek, eta proiektua sendotzen ari dela berretsi duVilla, Iniesta eta Cescen golekin, erabakita geratu da Espainiako Kopako kanporaketa

Asier Barahona Alaveseko erdilaria, Alexis Sanchez Bartzelonako aurrelariarekin lehian, atzo, Mendizorrotzan jokatutako partidan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Alaves. Urtzi; Oscar Rubio, Agustin, Hernandez, Manu Garcia; Beobide, Delgado; Guzman, Jonan Garcia (Luismi, 72. min.), Asier (Sendoa, 72. min.); eta Viguera (Sergio Llamas, 82. min.).

Bartzelona. Pinto; Alves, Bartra, Mascherano, Montoya; Busquets (Song, 55. min.); Sergi Roberto, Iniesta (Dos Santos, 75. min.); Alexis, Cesc eta Villa (Tello, 70. min.).

Golak. 0-1. Villak (40. min.); 0-2. Iniestak (51. min.); 0-3. Cescek (88. min.).

Epailea. Jose Antonio Teixeira Vitienes. Txartel horia, Alaveseko Guzman eta Luismiri.

Bestelakoak. 19.840 ikusle Mendizorrotza futbol zelaian; lepo beteta.

Jaieguna zen atzo Gasteizen. Lan egin ondorengo jaieguna. Bigarren B Mailako talde batentzat ohore handia da Europako egungo talderik onenaren aurka jokatzea. Ligako erregulartasunak emango die arabarrei orain gutxi egon ziren lekura itzultzeko aukera. Baina opari polita zen atzokoa, eta horrela ulertu zuten bai jokalariek, eta baita zaleek ere. Espero zen bezala, bero-bero ekin zion Alavesek Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidari, goian presioa eginez. Horren erakusgarri, erabat oker, baina Guzmanek egin zuen lehen jaurtiketa, eskuin hegaletik barruraka eginda.

Hori bai, 8. minuturako Bartzelonak erakutsi zuen serio jokatzea zela bere asmoa. Alexisek jokaldi ona egin zuen eskuin hegaletik, nahiz eta azken pasean ez zen inor agertu. 14. minutuan Alexisek berak bakar-bakarrik egin zuen errematea, buruz. Alves, Mascherano, Busquets, Iniesta, Alexis, Cesc, Villa... Tito Vilanovak atarikoan argi utzi zuen errespetu handia ziola Alavesi, eta hala erakutsi zuen hasierako hamaikakoarekin, izarretako asko zelairatu zituelako. Kopako egungo txapelduna da Bartzelona, titulu asko irabazi ditu azken urteotan, baina garaipen gosez ekin diote jokalariek denboraldiari. Baita atzoko partidari ere.

Aurkaria nekatzeraino aritzen da Bartzelona baloia ukitu eta ukitu. Hori egiten du Santiago Bernabeun; hori egiten du San Mamesen; eta hori egin zuen atzo ere, Mendizorrotzan. Ukitu, ukitu eta ukitu, eta eskuin hegaletik min egin. Zulo handi samarra aurkitu zuten kataluniarrek eskuin hegal horretan, eta lehen 25 minutuak betetzerako hiruzpalau gol aukera on sortu zituen Alexisek, abiadurari esker. Hori bai, Alaves oso serio aritu zen atzean, eta aukera izan zuenean min egiten saiatu zen kontraerasoan. 29. minutuan, esaterako, Manuk jokaldi ederra egin zuen eskuin hegaletik.

Lehen Mailako talde askok baino lehen zati serio eta osoagoa jokatu zuen Alavesek Bartzelonaren aurka. Baina parean Iniesta, Villa eta Cesc daudenean... Iritsi behar zuen jokaldiren batek; iritsi behar zuen Alaveseko atzelarien huts txikiren batek. Eta iritsi zen. 40. minutuan. Iniestak pase luzea bidali zion Villari, Agustinek huts egin zuen lurrera eroriz, eta aurrelariak ez zuen barkatu, baloiak bote txiki bat emanagatik, ezkerkada dotorearekin. 0-1.

0-2koarekin, taldea hautsita

Korner jaurtiketa batekin amaitu zuten etxekoek lehen zatia, eta Beobide eta Guzmanen erasoko jokaldi on banarekin hasi zuten bigarrena. Oso serio. Hala ere, Iniestak atzo ere egin zuen ia partida guztietan egiten duen artistakeria. 51. minutuan Cescek baloia lapurtu zion Beobideri, Alavesen area ertzean, hark Vilari pasea eman, aurrelariak Iniestari utzi, eta, lehen ukituan, eskuinez, gol ikaragarria sartu zuen erdilariak. Arabarrak izoztuta geratu ziren —epaileak baliorik gabe utzi zuen Alexisek 55. minutuan sartutako gola; ez zegoen jokoz kanpo—, eta une horretan hasi zen hausten Alaves.

Arabarrek sufritu egin zuten bigarren zatian. Bizpahiru pase onekin, aukerak sortu eta sortu hasi zen Bartzelona. Alexisek, esaterako, bi aukera argi eduki zituen 79. minutuan; eta Cescek 88. minutuan lortu zuen 0-3koa, buruz. Logikari segika, gehiago izan zen Bartzelona. Baina, emaitza gorabehera, orain urte gutxi izan zirena izatera iristeko beste pauso bat eman zuen atzo Alavesek. Gozatu egin zuten jokalariek, gozatu zaleek. Eta Camp Nouko gozatua falta da oraindik. Ligan dauka etorkizuna jokoan, baina opari polita izango da azaroko azken astekoa ere. Ospatu beharrekoa da atzoko festa handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.