Herenegun Paris Saint-Germaini irabazi izanak lasaitasuna eman dio Athletici. Konfiantza ere bai, baina neurrian; bai, behintzat, atzo talde zuri-gorriko jokalariek esandakoak aintzat hartuz gero. «Paris Saint-Germani irabazteko premia genuen, batez ere konfiantza hartzeko, ondo jokatu arren ez ginelako emaitza onak lortzen ari. Helburua lortu dugu, bai, baina ostegunekoak ez du balio ligan irabazi ezean», esan zuen Fernando Llorentek. Aurrelariak nabarmendu zuen Espainiako Liga dela Athleticentzat «lehiaketarik garrantzitsuena», eta horretan aritu behar direla «buru-belarri».
Antzeko hitzak izan zituen Jon Aurtenetxek. «Europako Ligan oso partida onak egiten ari gara. Jokatu ditugun biak irabazi egin ditugu. Baina Anoetan jokatu beharreko neurketan pentsatu behar dugu jada, eta han denboraldiko lehen garaipena lortu».
Biharko derbiaz galdetuta, Llorentek aitortu zuen Reala dela «faboritoa». Hori esan eta berehala, hala ere, gaineratu zuen «saiatuko» direla irabazten eta iazko emaitza errepika ez dadin—2-0 irabazi zion Realak Athletici abenduaren 5ean jokatutako neurketan—.
Aurtenetxek, ordea, ez zuen inor jo faboritotzat. Hori bai, aurkariaz esan zuen «oso talde indartsua» dela, «oso partida onak» egiten ari dela eta Athletici «asko» kostatutako zaiola Anoetan irabaztea. Zailtasunak zailtasun, argi utzi nahi izan zuen Donostiara, «barruan duten guztia» ematera joan beharrean direla.
Bata zein bestea euren jardunaz mintzatu zen. Llorenteri kazetariek gogorarazi zioten gol bakarra sartu duela, Espanyolen zelaian sartutakoa, hain zuzen ere. Aurrelaria ez zen kezkatuta azaldu. «Golak iristeko irrikan nago, baina, taldeak irabazten badu, ni pozik egongo naiz nire lanarekin. Hori bai, taldeak nire golak behar dituenean espero dut hor egotea, nire ekarpena egiteko. Konfiantza handia dut neure buruarengan. Ziur naiz golak iritsiko direla».
Aurtenetxek ere ez du kexarik bere jardunarekin. Aitzitik, «oso pozik» dago azken bi partidetan hasieratik jokatu izanagatik, are gehiago denboraldia aulkian hasi zuela kontuan hartuta. «Bi partida jokatu ditut hasieratik, eta uste dut bietan txukun aritu naizela. Lanean jarraitzea besterik ez zait geratzen, denbora luzez hasierako hamaikakoan egoteko».
Atzoko entrenamenduari dagokionez, Amorebieta, Ekiza eta Muniain ez ziren aritu taldekideekin, hirurek minez amaitu baitzuten herenegun partida. Bielsak gaur jakingo du hiru jokalari horiek derbia jokatzeko moduan egongo diren edo ez. Hala ere, badirudi Anoetan egongo direla.
Athleticeko zale bat, larri
Bestalde, Basurtuko ospitalean dago ingresatuta herenegungo partida hasi aurretik Paris Saint-Germaineko hainbat zaleren erasoa jasan zuen Athleticeko jarraitzaileetako bat. Larri dago, kolpe gogorrak jaso baitzituen buruan eta ahoan. Zorionez, medikuen arabera, arriskutik kanpo dago. Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian, erasoaren nondik norakoak jakiteko. Herenegungo istiluetan hamahiru zale atxilotu zituen Ertzaintzak, horietako hamar Paris Saint-Germainekoak.
«Ostegunekoak ez du balio ligan irabazi ezean», dio Llorentek
Athleticeko aurrelariak aitortu du Reala dela faboritoa, baina saiatuko direla iazko emaitza errepika ez dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu