Bihar beteko dira aste bi Athleticek ligako azken neurketa jokatu zuenetik. Denbora asko da hiru egunetik behin edo, gutxienez, astean behin bere taldea jokatzen ikustera ohituta dagoenarentzat. Horregatik geratzen da hain urrun Osasunaren kontrako neurketa. Hori bai, ezin da ahaztu neurketa horrek zapore gozoa utzi zuela Bilbon. Garaipenak, batetik, eta hiru puntuak eskuratzeko egindako lanak, bestetik, behar zuten arnasa eman zieten zuri-gorriei. Ez baita ahaztu behar jaitsierako postuetan zegoela jokatu zuela gorritxoen aurka. Garaipenari esker, zulotik irtetea lortu zuen Athleticek, baina amildegia gertu du oraindik.
Sailkapenari begiratzea nahikoa da zuri-gorrien beharra zenbatekoa den neurtzeko. Lehen zazpi jardunaldietan zortzi puntu eskuratuta, 16. postuan dago Athletic. Jaitsiera postuak puntu bira baino ez ditu. Egia da, Europarako txartela ematen dutenak ere ez daudela urrun —hiru puntura—. Baina zuri-gorriek orain arte berdegunean erakutsi dutenak ez du onenen artean lehiatzeko motiborik ematen. Egoerari buelta emateko, beraz, jokoan dauka hobetu beharra Athleticek. Baikorra denak eta Marcelo Bielsarengan sinesten dutenek horregatik ematen diote horrenbesteko garrantzia Osasunaren aurkakoari: euskal derbian denboraldiko Athleticik onena ikusi zelako.
Partida osoa jokatu barik, aurreko sasoikoaren antz handia izan zuen taldea agertu zen Katedralean. San Mamesen ikusitakoari jarraipena ematea da Mestallako neurketarako helburua. «Etxetik kanpo garaipenak behar ditugu. Asko ari zaigu kostatzen», adierazi du aste honetan Andoni Iraolak. Athleticeko kapitainetako batek esandakoa berresteko nahikoa da estatistikei errepaso txiki bat ematea: Atletico Madrilek lau gol sartu zizkion Calderonen; hiru Espanyolek Cornellan; eta bi Realak Anoetan. Etxetik kanpoko hiru neurketetan bederatzi gol kontra. Hori gutxi ez eta, Europako Ligan jokatutako partidek ere antzeko kontuak islatzen dituzte. Argi dago atea zaintzerako orduan dituela komeriak Bielsaren taldeak. Lehenbailehen konpondu beharreko gabezia da.
Historiako estatistikak ere zuri-gorrien kontra daude. Mestalla sekula ez da izan zelai aproposa Athleticentzat. Valentzia eta Athleticen arteko neurketa Espainiako ligako klasikoen artean sartu beharra dago. 77 aldiz aritu dira elkarren aurka Valentzian, eta zuri-gorriek 11 garaipen baino ez dituzte eskuratu. Azken hamarkada bietan bakarra: 2007-2008 sasoian. Ezkor izateko arrazoi bat baino gehiago dago ondorioz.
2011-2012 sasoian, 1-1
Baina duela aste bi amets egiten hasi zenak ere badauka bereari eusteko arrazoirik. Azken zortzi bisitetatik bostetan puntu bat gutxienez irabazi baitu Athleticek Mestallan —aurreko sasoian 1-1 amaitu zuten—. Valentziaren kirol sasoiak ere ematen du baikor izateko arrazoirik. Zuri-gorrien antzera oker hasi du denboraldia azken urteotan beste liga horretako onena izan den taldeak. Bartzelona eta Real Madril alde batera utzita, ligan emaitza onenak lortu dituen taldea da Valentzia. Baina Unai Emeryren ondorengo proiektua ez da ondo hasi. Mauricio Pellegrinok ez du arrakastaren bidea hartzea lortu. Hori bai, hala ere goi mailako taldea izaten jarraitzen du Valentziak.
Talde on horri aurre egiteko aldaketa bi egin beharko ditu Bielsak. Biak atzean. Gurpegik ezin izango du jokatu, txartelak tarteko. Ekizak jokatuko du bere lekuan. Ezkerrean, berriz, Iñigo Perezek beteko du Castillok utzitako zuloa.
Otso izan gura du
Etxetik kanpo lehen garaipena eskuratzeko premia dauka Athleticek, azken partidetako hobekuntza benetakoa dela erakustekoMestalla ez da zelai aproposa lehoientzat: bi hamarkadatan behin bakarrik irabazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu