Otsoa oilategira dator

Caparrosek atseden emango die gaur Ligan ohikoak diren zenbait jokalariri, Espanyolen aurka, Kopan

haritz gallastegi
2008ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun


Caparrosek atseden emango die gaur Ligan ohikoak diren zenbait jokalariri, Espanyolen aurka, Kopan
haritz gallastegi

Bilbo

Pazientzia oso garrantzitsua da bizitzako hainbat arlotan. Futbolean, egunerokoan baino are eta presa handiagoa dagoela aintzat hartuz gero, dohain preziatua da oso. Klub guztietan da garrantzitsua pazientzia, baina Athleticen gainerako taldeetan baino gehiago behar da. Harrobiko beharrean sinesten duen talde batean ezinbestekoa da pazientzia. Presa ez da bidaide ona.

Athletic bide okerretik zebilen aspaldian. Gainerako talde guztien dinamika berean sartuta zegoen. Emaitza txarrak ailegatu bezain laster, aldaketak egitearen alde agertu zen zuzendaritza azken denboraldietan. Zaleen presioaren ondorioa zen. Presio horren ondorioz utzi behar izan zuten talde zuri-gorria Jose Luis Mendilibarrek eta Felix Sarriugartek, haien proiektuak hasi besterik ez zirenean egin. Ez ziren albiste onak Athleticentzat. Gerora, emaitzek erakutsi dute talde zuri-gorriaren gabezien errua ez dela izan aulkian eseri diren entrenatzaileen gaitasun falta. Athleticek beste muga garrantzitsuagoak ditu.

Joaquin Caparrosek inork baino hobeto daki hori. Utrerako (Espainia) entrenatzaileak ez du asmatzen. Erasoan zein defentsan, jokalariek azken denboraldietako akatsak errepikatzen jarraitzen dute partidaz partida. Futbolean estatistikek erakusten ez duten gauza «ikusezinak» kontrolatzen ikasi behar dutela esaten du behin eta berriro entrenatzaile zuri-gorriak.

Jokalariekin haserre egoteko arrazoi bat baino gehiago du Caparrosek. Beharbada futbolariek ere izango dute entrenatzailea kritikatzeko kontu bat baino gehiago. Athleticen inguruarekin kexa izateko arrazoi gutxi izango dute, ordea. Batez ere entrenatzaileak. Izan ere, etxekoen aldean lan egiteko aukera gehiago ematen ari zaie Caparrosi. Mendilibarri eta Sarriugarteri Liga laurden eman zieten euren gaitasuna erakusteko. Talde hobearekin antzeko emaitzak eskuratu arren, gutxienez denboraldi erdi eman diote Caparrosi. Eta oraindik egur gutxi eman diote: proiektu berria delako, taldearen maila hobetuko duten jokalariak fitxatu dituztelako edota entrenatzaile egokia izan daitekeela uste dutelako, pazientzia handia erakutsi dute jarraitzaileek. Eta hori ez da txarra. Athleticek aurrera egiteko ezinbestekoa baita klubean lan egiten duten profesionaletan sinestea.

Hala ere, noiz agortuko da jarraitzaile eta hedabideen pazientzia? Ez dirudi asko iraungo duenik. Giroa gaiztotzen hasi da. Hedabideak hasi dira Caparrosen gaitasuna ezbaian jartzen, putreak ere inguratu dira talde zuri-gorrira -entrenatzaile batzuk hasi dira euren aurpegia erakusten-,eta inork ez du zalantzan jartzen gauza behar den baino gehiago okertzen bada Fernando Garcia Makua buru duen zuzendaritzak ez duela bere burua arriskuan jarriko. Beraz, Caparrosek epe laburrean eskuratu beharko ditu emaitza onak.



TIKO, DEIALDIAN BERRIRO. Urtarrileko egutegiari gainbegiratu bat emanez gero, ez dirudi sasoirik onena emaitza onak eskuratzeko. Gaur, esaterako, egun Espainiako Ligan dagoen talderik indartsuenetarikoak bisitatuko du San Mames, Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan: Espanyolek. Ernesto Valverdek zuzentzen dituen taldeek otsoaren gosea erakusten dute. Erasoan ez dute barkatzen. Eta San Mames beldurrez gainezka dauden animalien oilategia da egun. Ehizarako leku aproposa, alegia. «Espanyol sasoian dago. Golak sartzeko erraztasun ikaragarria du, eta horrek hamar aldiz gehitzen du taldeko jokalari guztien konfiantza», adierazi zuen atzo Caparrosek. Valverderen taldeak horrelakoak baitira. Athletic zuzendu zuenean ere, antzeko ezaugarriak zituen taldea entrenatu zuen. Golak sartzeko golik ez hartzeko baino egokiagoak ziren jokalariak zuzendu zituen. Talde zuri-gorrian Tikok, Ezquerrok, Urzaizek, Etxeberriak, Yestek eta enparauek egiten zuten beharra Tamudok, Valdok, Rierak, Luis Garciak edota De la Peñak egiten dute orain Espanyolen. Horregatik izango da gaitza Caparrosek eskatu duena betetzea: Kataluniako taldeak San Mamesen golik ez sartzea, hain zuzen ere.

Espainiako Kopari dagokion garrantzia eman arren, Ligan ohikoak diren zenbait jokalarik atseden hartuko dute gaur, Koikilik, David Lopezek eta Orbaizek adibidez. Oraindik sasoi betean ez dauden Ocio, Etxeberria eta Iraizoz ere ez dira ariko. Beraz, aspaldian gutxi jokatu duten zenbait jokalarik hasieratik jokatzeko aukera izango dute: Del Horno izango da horietako bat. Baliteke Tiko ere zelaian ikustea. Ligako lehen bi partidetan hasierako hamaikakoan aritu ostean, ez du gehiago jokatu. Gaur beste aukera bat izan dezake. Caparros zer egin ez dakiela dagoen seinale.



«Golak sartzeko erraztasun ikaragarria du Espanyolek, eta horrek 10 aldiz gehitzen du jokalarien konfiantza»

joaquin caparros
athleticeko entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.