Pablo Berasaluze larunbatean itzuliko da jaialdietara, Bartzelonan, Albisurekin bikote eginez eta Bengoetxea VI.a eta Beginoren aurka. Hasiera batean urriko bigarren asteburuan itzuliko zela zabaldu zen arren, jakina zen Berasaluze enpresaren deiaren zain zegoela, eta azkenean berak ordezkatuko du Olaizola II.a Vall d'Hebrongo pilotalekuan.
Berasaluze II.ak apirilaren 28an hautsi zuen orpazurda, Bilbon, binakako txapelketako finalean. Hasiera batean sei hilabeteko sendatze epea aurreikusi zen arren, bostekin aski izan du. Asteak dira pilotalekuan entrenatzen hasia zela, eta medikuaren oniritzia jaso bezain laster hasiko da jokatzen. Bere garaian lau t'erdiko txapelketa ezinezkoa zela esan zuen, baina bera zerrendaburu izango dela kontuan hartuta, eta azaroaren 3ko asteburuan hasiko dela jokatzen, orain ezin da aukera hori baztertu.