Hilabete gogorrak bizi izan ditu Pablo Berasaluze (Berriz, Bizkaia, 1977) pilotariak Bilboko Bizkaia pilotalekuan orpazurda hautsi zuenetik. Errekuperazio asteak izan dira, baina gertuago du kantxara itzultzeko unea: "Hasiera izan zen gogorrena. Igeltsuarekin lehenik, eta makuluekin hainbeste denbora...".
Igaro ziren une haiek, eta berrindartze lanetan ari da orain: "Eskuak egiten hasia naiz, nahiko bigundu baitzaizkit. Lasterka egiten ere hasia naiz honezkero eta hogei egunetan serioago jardun ahal izango dut pilotaleku saioetan". Kantxara itzultzeko eperik ez du jarri nahi, ordea: "Ez dut helburu zehatzik ipini. Orain arte bezala, apurka-apurka joan nahi dut".
Patxadaz hartu nahi du itzulera, ziur baitago profesionaletan ibilbidea geratzen zaiola: "Urte batzuk gelditzen zaizkit oraindik. Pilotalekutik botatzen nauten arte hemen jarraituko dut".
Berasaluzeri eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.