Irujo-Merino II.a 18. Berasaluze VIII.a- Apraiz 22

Pablok ez zuen hala joan nahi

Berrizko aurrelariak erakustaldia eman du Tolosan, hamabost tanto egin eta Irujo aurrean nahastuz

Pablo Berasaluze pilota astintzeko zorian, atzo, Tolosako partidan. G.G. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Iraupena. 50.33.

Pilotakadak. 311.

Saketik. Irujok 2; Berasaluzek 3.

Markagailua. 0-2, 2-2, 4-2, 4-3, 6-3, 6-6, 10-6, 10-10, 10-11, 11-11, 15-11, 15-12, 17-12, 17-15, 18-15 eta 18-22.

Bestelakoak. 1.100 ikusle Tolosako Beotibarren, beteta. Dirua 100-60ri irten zen gorrien alde, eta epaileen txapak alde gorria erakustean doblean jarri zen. Pilotariek partidaren aurretik aukeratu zituzten pilotak, eta ikusleak ozen kexatu ziren atzerapenarengatik.

Badu zerbait berezia Pablo Berasaluzek. Egun jakin batzuetan halo bitxi batek inguratzen du, eta halakoetan urte luzez maitemindu du pilotazalea. Ez da oso indartsua, ezta garaia ere... dena talentua, eta ausardia. Jeinu errari bat da, partida bikainak ilunagoekin tartekatzen. Aurtengo binakakoan egun gutxitan asmatu du, eta behin bakarrik egin du dir-dir: atzo. Beotibarren egun magikoa izan zuen, dena irten zitzaion erasoan, eta Irujo joko motzean nahastu zuen. Amua jarri zion, eta Iberokoak bete-betean irentsi zuen. Berasaluzek hamabost tanto egin zituen guztira, eta ez zuen haizea alde izan, Apraizek ez baitzion gehiegi lagundu. Berrizkoak ez zuen txapelketatik burumakur irten nahi, azken egun handia nahi zuen, eta lasai joan ahal izango da. «Partida onena, agian, beranduegi iritsi da», esan zuen zintzo bukaeran. Agian, baina oraindik badute itxaropen txikia.

Irabazleek oraindik badute finalerdietan sartzeko aukera, karanbola oso zaila bada ere. Irujok eta Titinek hurrengo partidak galdu behar dituzte, eta Gonzalez-Laskuraini hamabost tantoren aldearekin irabazi. Ia ezinezkoa dute, baina atzo Irujo eta Merinori ere bidea oso aldapa gora jartzea lortu zuten. Enpresako beste bikoteei mesede handia egin zieten. Era berean, zaleek bigarren bizkarreko handia hartu zuten Tolosako inauterietan. Bat baino gehiago egon zen Irujo-Merinoren alde apustu egin zuena herenegun galdutakoaren zati bat berreskuratzeko asmoz, eta ondo damututa joan zen berriz.

Hein handi batean Irujo izan zen Berasaluze hauspotu zuena. Partidaren ondoren pilota aukeraketak eraginez beroketa laburrari egotzi zion porrota. Aitzaki kaskarra, aurretik hasi baitziren (6-3). Ordurako Apraizek hiru huts eginak zituen. Berasaluzek berehala ikusi zuen kideak ez zuela bere eguna, eta motzean jokatu zuen. Bere malezia, eta erremateei, esker oreka mantendu zuen (11-11). Nabarmentzekoak ere bai Berasaluzek Apraizi eginiko oihuak, «eman gora!» animatuz pasa zuen partida osoa, eta baita errietaren bat edo beste eginez kidea lo harrapatu zuenean.

Irujok eta Merinok serio jokatuz ireki zuten tartea (17-12). Hori zen bidea, atzean jokatzea. Serio piloteatzea aski zuten partida irabazteko, nahastu gabe. Hortaz gain, Merinok tantoa bukatzen ere badakiela erakutsi zuen tarte horretan. 14-11koa eta 17-12koa berak egin zituen, aurkariak ustekabean harrapatu, eta zabalean dejadak boteaz. Bi tantoak bikainak izan ziren. Txalotuak.

Baina ez zuten serio jarraitu, Irujo nahastu egin baitzen. Berasaluzek ez zion utzi. Irujorekin giltzapetu nahi zuen, eta errematea bilatu zuen itsuan. Tanto motzak nahi, eta lortu zituen. Partidak guztira 311 pilotakada baino ez zituen izan. Apraizek ere bere lana zuzendu zuen, seguruago jokatuz. Lehenbizi 18na berdindu zuen Berasaluzek, eta gero jarraian egin zituen azken lau tantoak. Lau tantoen artean ez zituzten hogei pilotakada jo. Berrizkoak ez zuen nahi, ez zuen onartu, ez behintzat distira berezia duen egun horietako batean.

Gauzak hala, bikote bakarra dago finalerdietarako sailkatuta, Xala-Barriola, eta bakarra matematikoki kanporatuta. Olaizola II.a-Beginok eta Bengoetxea VI.a-Ruizek irabaztearekin aski dute, eta Gonzalez-Laskurainek, garaipen bat gutxiagorekin, tanto alde ona dute. Ligaxka luzearen azken jardunaldiko azken partida guztietan egongo da zerbait jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.