Papamakariosek beste urtebetez jarraituko du Lagun Aro GBCn

Gipuzkoako taldeak zazpi jokalari ditu hurrengo sasoirako, eta beste lau fitxatu beharko ditu, gutxienez

Donostia
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Manolis Papamakarios izango da Lagun Aro GBCren defentsako erreferentzia beste urtebetez. Greziarrak atzo luzatu zuen Donostiako taldearekin zuen kontratua, eta bigarren urtea egingo du bertan. Eskolta greziarra iaz iritsi zen GBCra, bere herrialdeko Olympiakos talde handitik. Aurreko sasoiaren lehen zatian ez zituen bete zaleen aurreikuspenak. Haatik, bikain amaitu zuen denboraldia, taldearen erreferentzietako bat izatera iritsi arte, batez ere defentsako lanetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak taldeari diru laguntza murriztu ondoren —500 mila euro emango dizkio, lehen baino 700 mila gutxiago—, arazo handiak izan ditu GBCk. Eurokopan jokatzeari uko egin behar izan zion, eta jokalari berriak fitxatzeko ere zailtasunak izan ditu. Izan ere, espero baino jokalari eskasagoak ekarri beharko ditu. Papamakariosi ere diru gutxiago eskaini zioten kontratua berritzeko, baina greziarrak taldean jarraitu nahi zuen, eta ados jarri dira.

Papamakariosekin, eskolta postua osatuta dauka talde gipuzkoarrak. Jimmy Baron saskiratzailea zuen jada, bi urterako luzatu baitzuen kontratua iaz. Horiekin batera, beste bost jokalari dauzka. Raul Neto brasildarrak eta Javi Salgadok antolatuko dute taldearen jokoa aurten ere. Nahikoa beharko lukete zeregin horretarako. Hegal pibotak, une honetan, Jaroslav Korolev eta Julen Olaizola ditu. Hala ere, beste norbait fitxatu beharko du postu horretarako, Andy Pankok utzitako hutsune handia betetzeko.

Pibota eta hegalekoa dira Donostiako taldeak okerrago dituen bi lekuak. David Doblas da taldeko pibot bakarra, eta oso jokalari ona izan arren, arazoak izaten ditu luzaroan jokatzeko, falta asko egiten baititu. Hortaz, beste jokalari bat edo bi beharko ditu Sito Alonsok saskipean aritzeko. Hegala, berriz, huts-hutsik dauka Lagun Arok. Aurreko sasoian, Sergi Vidalek ia partida osoa jokatzen zuen. Haren irteerarekin, bi jokalari behar ditu talde gipuzkoarrak. Ez da erraza izango, baina, harentzako ordezkorik topatzea. Lander Lasak ere ez du jarraituko taldean. Iraurgirekin ariko da hurrengo denboraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.