Ibilbideko azken puntu horia ikusi dudanean sei ordu pasatxo dira Zegamatik atera naizela. Belaunetarainoko lokatza daramat soinean. Lehenengoak aspaldi iritsi dira helmugara. Jendeak txaloka hartu nau plazarainoko azken 500 metroetan eta bozgorailutik nire izena entzun dudanean sinetsi dut aspaldiko ametsa egi bihurtu dela. Zegaman hasi eta Zegaman amaitu dut eguna.
[berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2121/[/berriatb]
«Inon paradisurik bada, honen antzekoa behar du». Hala esan zidan behin amak, Urbiara iristen ari ginela. Gure etxean beti izan da berezia Aizkorri ingurua. Urte batzuk geroago belardi zabal hartan ikusi nuen lehenengoz Zegama-Aizkorri mendi-maratoia. Une hartan neure buruari zin egin nion noiz edo noiz nik neuk ere korri egingo nuela Aizkorrin.
Urtetik urtera gero eta korrikalari gehiagok hartu nahi izaten dute parte Zegama-Aizkorri mendi-maratoian. Munduko mendi-lasterketa onenak 4.000 hautagai izan ditu aurten, eta 540 baino ez gara izan zortedunak. Albistea eman zidatenetik bi hilabete eta erdi pasa ditugu etxean ibilbideko puntu horiekin ametsetan.
Larunbat arratsaldean iritsi gara Zegamara. Mendi arteko herri txiki eder bat ikusi dut, korrikalariek goitik behera hartua. Giro horretan arrotz sentitu naiz une batez, biharamuneko erronka handiegia izango dela pentsatzeraino. Hasi aurretik amore ematea, ordea, koldarkeria omen da, eta igande goizean 07:00ak jo orduko praka motzak janzten ari naiz.
Euria goian behean dela ohartu ere egin gabe 08:30erako inguratu gara plazara. Ehunka korrikalari ikusi ditut berotze ariketak egiten. Euskal Herrikoak asko eta tarteka, noiz edo noiz telebistan eta egunkarietan baino ikusi ez ditudan izen handiak ere bai. Jendetza dago plaza inguruko kaleetan. 08:50ean laguna eta gurasoak azkenekoz agurtu eta sartu naiz ni ere tropelean. Ezker-eskuin begiratu eta denetarik ikusi dut: azken luzaketak egiten batzuk, elkarri zortea opatzen beste batzuk. Eta han, lehen lerroan, munduko lasterkari onenak.
Bozgorailuetatik Conquest of paradise entzun da. Barrua uzkurtu zait, atzera kontaketa hasi da eta oharkabean, zangoak korrika hasi dira. Herrian bira bat eman eta berehala hasi dira maldak. Basoan sartu eta eroso noa lehen kilometroetan. Han urrunean zintzarri hotsa entzuten da, eta jendearen oihuak berriro. Otzaurte da. Lokatzezko maldan gora sentsazio onak ditut: arnasesturik ez eta ezker-eskuin dagoen jendetzari irribarre egiteko indarrez.
Aratzera bidean
Ultzama inguruan, entrenamendu saio batekoa etorri zait gogora. Aratzi begiratu nion orduan, eta urrun ikusi nuen. Horregatik, gaur, etorriko denari bainoago, aurrean daukadanari begiratu nahi diot. Ederrak dira larre berde hauek. Zaldiak ere eguneroko lasaitasunean daude, korrikalari eta zaleen zalapartari jaramonik egin gabe. Atabarrate inguruan, orbel eta haitzarte gorabeheratsuan aurrekoaren pausoei segika noa. Beheraka baino hobeto goraka. Basotik atera eta Aratzeko bide harritsua ezagutu dut. Gaina hartu eta gelditu gabe hasi gara beheraka, eta han joan zait erbia. Jaitsierak irristakor daude oso, eta hobe tentuz joatea. Pozarren noa, San Adrianera noiz iritsiko. Makina bat aldiz pasatu naiz kobazulotik, baina gaur, inoiz baino ederragoa iruditu zait. Erromatarrek galtzada hau egin zutenean, sinetsi ere ez zuten egingo urte mordoxka batera korrikalarien pasagune bihurtuko zenik. Oinetakoek uste baino hobeto heltzen diote harri bustiari eta konturatu orduko, Sancti Spirituko zalaparta gero eta gertuago entzuten dut.
Betekada Sancti Spiritun
Mendia desagertu egin da hemen, lokatza eta jendea, besterik ez dut ikusten. 20. kilometroa baino ez da oraindik, eta ez ditut zangoak behar baino gehiago nekatu nahi. Horregatik, anoa-postuan botika eskatu dut, hanketako minak saihesteko. Lagunaren eta ingurukoen oihu artean korrika hasi naiz malda pikoan gora, jende artean. Denak agurtu nahi ditut, baina ziztuan pasatzen zaizkit aurpegiak begi aurretik, bata bestearen atzean. Baso-bidean sartuta, jende gutxiagorekin, arnasa sakon hartu eta neure erritmoari heldu diot berriro. Behe-lainoak aurrealdea lausotzen du, eta esfortzu betean noala, aldamenekoak esan dit prestatzeko, aurki entzungo dugula berriz ere jendearen orroa, eta aurki garela Aizkorri gainean. Ikurrinak eta senyera-k ikusten ditut ezker-eskuin, ukabilak ere bai, eta zarata handia handia entzuten dut. Bihotza izugarri azkartu zait, itolarria sentitu dut eta malkoak ere atera zaizkit. Euritan, behe-laino artean, hotza bera ere bero bihurtu dute zaleek Aizkorrin. Bidearen erdia pasa dut. Aizkorritik Aitxurirako ertzarekin egin dut bart amets, irristakor zegoen, eta halaxe topatu dut gaur ere. Horregatik, mantso noa, zapaltzen dudan harri bakoitza zehatz aukeratzen.
Arbelarrerako jaitsiera lokatzezko txirrista pikoa da. Orkatila bihurritu batetik osatu berri zait eta poliki noa oso, badaezpada ere. Arbelarren zain daukat ahizpa. Haren besarkada indar aupada bat izan da Oltzeraino iristeko. Lehenengoek helmugan behar dute honezkero. Zangoak gero eta nekatuago nabaritzen ditut, baina amaz oroitu eta Urbiara egin dut korri, behinola elkarrekin ikusi genuen belardi hartara. Behe-lainoak erabat estali du aterpetxea eta ozta-ozta ikusi ditut zuhaitz artean dauden lagun apurrak. Honezkero jende asko igaro da hemendik eta zale gehienek beherako bidea hartu dute. Horrek ez nau penatu, ezta kezkatu ere. Nik aurrera nirean, atzean inor datoen begiratu ere egin gabe. Berriz ere azaldu zaizkit ahizpa, osaba eta lehengusua, eta indartsu ekin diot Andraitzi.
Andraizko jaitsieraren beldur
Buruan baina, beldur handi bat hasi zait nagusitzen, 12 kilometroko beldurra, Andraitzetik Zegamaraino luzatzen den beldurra. Gaina hartu eta orduan hasi da lasterketako tarte gogorrena. Zangoak lokatzetan galtzen zaizkit eta gero eta nekezagoa da pausoak ematea. 33. kilometroan berpiztu zait gogoa, laguna eta aita ikusi ditudanean. Haiek erbi lanetan jarrita, agindurik ia jaso gabe segitzen dute zangoek aurrera. Luze doaz kilometroak, gorputzak ez du ezer jan eta edan nahi, eta igoera txikiena ere malda piko bihurtzen da. Buruak, ordea, ez du amore eman nahi.
Sei ordu pasatxo dira azken puntu horia ikusi dudanean. Amaitu da lokatza, amaitu dira haitza, orbela eta belarra. Kilian Jornet katalanak aise irabazi du zazpigarrenez, errekorra ezarrita, gainera. Euskal korrikalari handi bat ere sartu da podiumean aurten: Maite Maiora. Dutxara bidean, katalanari behinola entzundakoa gogoratu dut: amets bat betetzen duzunean, baliteke hutsune handi bat sentitzea. Sentsazio hori daukat nik ere. 364 egun dauzkat aurretik, gaur bizitako guztia berriz gogoratzeko, argazkiak ikusteko eta zangoak mendian trebatzeko. Amaitu da ametsa, baina datorren urtean ere, Zegaman ikusiko dugu elkar.