Sufestak, kolorea, ehunka dantzari eta aktoreen zehaztasuna eta ikusgarritasuna izan dira Olinpiar Jokoen estreinaldian bezala Paralinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldiko ezaugarriak. Hiru bidaia izan dira ikuskizunaren ardatzak: espazioan, denboran eta bizitzan egindako bidaien irudikapenak. Zhang Jimou arduratu da oraingoan ere ikuskizunaren gidaritzaz.
Euskal Herriko ordezkaritzari dagokionez, 15 kirolari lehiatuko dira Paralinpiar Jokoetan hilaren 16a bitartean. Zakua dominaz betetzeko ilusioarekin joan dira 15 euskal herritarrak Pekinera. Olinpiar Jokoak amaitu ziren, euskal herritarrak txukun aritu ziren, baina domina gehiago lortzeko gosea dago Euskal Herrian. Eta aukera paregabea izango dute Pekinera joandako 15 kirolariek, gaur berriro olinpiar sua piztu ondoren. Hilaren 16ra bitartean jokatuko dira Pekingo Paralinpiar Jokoak. Mundu bat, amets bat. Hori da Paralinpiar Jokoen leloa, eta lelo hori gauzatzen saiatuko dira kirolari guztiak, lau urteotako ametsak gorpuzten.
Aurten 20 kiroletan ariko dira kirolariak Paralinpiar Jokoetan -arrauna da berritasun bakarra-, baina atletismoan, txirrindularitzan, boccian, judoan eta igeriketan ariko dira 15 euskal kirolariak: Javier Conde, Yolanda Martin, Santiago Pesquera, Victor Hugo Garrido, Aitor Oroza, Javier Otxoa, Amador Granado, Sheila Hernandez, Laura Garcia, Ana Rubio, Sara Carracelas, Eztitxu Vivanco, Richard Oribe, Arkaitz Garcia eta Sandra Gomez. 15 kirolari, 15 amets, eta ametsak gauzatzeko aukera asko. Orain lau urteko eta orain zortzi urteko Paralinpiar Jokoei begiratuta ametsetan hasteko moduan baitaude gehienak. 2000. urtean, Sydneyn, 12 domina lortu zituzten euskal kirolariek, eta 2004an ere, Atenasen, beste hainbeste irabazi zituzten. Atenasen dominak eskuratu zituztenen izenak aztertuta, gainera, Marta Arze ez, gainerakoak Pekinen izango dira.
Aurtengo markak eta lorpenak aztertuta, bederatzi euskal kirolarik daukate dominen lehian aritzeko aukera argia: Richard Oribek, Sara Carracelasek, Sandra Gomezek, Javier Otxoak, Amador Granadok, Santiago Pesquerak, Yolanda Martinek eta Javier Condek. Diplomarekin ametsa erabat gauzatuko lukete, berriz, Aitor Orozak, Arkaitz Garciak, Ana Rubiok, Sheila Hernandezek, Laura Garciak eta Eztitxu Vivancok.
Kirola
Paralinpiar Jokoak abian dira
Inaugurazio ekitaldia ikusgarria egin dute berriro ere Pekingo =iHabia=i estadioan. Olinpiar Jokoetako ekitaldia bezala Zhang Jimouk gidatu du eta sufestak izan dira protagonista. 15 euskal kirolarik parte hartuko dute Paralinpiar Jokoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu