Unicaja Malaga 79. Caja Laboral Baskonia 66

Pareko aurkariarekin, kale

Caja Laboral Baskoniak partida eskasa jokatu du Unicajaren kantxan, eta merezita galdu du, eta bolada ona eten

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Unicaja Malaga. Rodriguez, Fitch (12), Darden (8), Freeland (10), Zoric (17) —hasierako bostekoa—; Valters (14), Peric (11), Garbajosa (5), Sinanovic (2), Blanco eta Abrines.

Caja Laboral Baskonia. Heurtel, Oleson (3), San Emeterio (9), Teletovic (9), Seraphin (16) —hasierako bostekoa—; Dorsey, Ribas (12) Prigioni (6), Dragic (7) eta Nemanja Bjelica (4).

Markagailua. 19-15, 42-34 (atsedenaldian); 57-50 eta 79-66.

Epaileak. Perez, Perez eta Sanchez. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 9.400 ikusle inguru Jose Maria Martin Carpena pabiloian.

Bolada onean iritsi zen Caja Laboral Baskonia Unicajaren aurkako partidara: lau garaipen jarraian ACB ligan. Hala ere, bolada on hori emaitzei zegokien, jokoari dagokionez hainbestean ari baitzen Gasteizko taldea. Nola liteke orduan ondo ez jokatzea eta lau neurketa jarraian irabaztea? Aurrean izandako taldeei erreparatzeak lagun dezake hori ulertzen: Valladolid, Obradoiro, Alacant eta Estudiantesen aurka jokatu zuen Caja Laboralek, hurrenez hurren; talde apalak laurak.

Hiruko jaurtiketetan asmatu edo ez, horren arabera lortu dute arrakasta gasteiztarrek, eta ia beti Teletovic edo San Emeterioren partida onen arabera. Atzo hiru zutabe horiek erori egin ziren. Caja Laboralek 24 ahalegin egin zituen hiruko marratik, eta bostetan bakarrik asmatu zuen. Teletovicek eta San Emeteriok, berriz, hemezortzi puntu lortu zituzten. Hori bai, bien artean. Estatistika eskas horiei beste bat gehi dakieke; erreboteen kopurua, hain zuzen ere. Arlo horretan ere Unicaja goitik behera nagusitu zitzaion Caja Laborali: 45 jaso zituen etxekoek, eta hamahiru gutxiago bisitariek. Horrelako panoramarekin, argi dago ondorioa: galdu (79-66), eta akabo bolada ona. Neurriko kontrario batekin egin zuen tupust Gasteizko taldeak.

Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak hirugarren laurdeneko lehen minutuetan bakarrik eman zuen neurria. Horri esker lortu zuen murriztea Unicajak partida hasieratik handituz joan zen aldea (36-22, bigarren laurdenean). Pau Ribasek zerikusi handia izan zuen susperraldian, harekin hasi baitziren gasteiztarrak hobeto jokatzen. Ribas eta Seraphin izan ziren onenak Caja Laboralen: 21 eta hamahiru puntuko balorazioa, hurrenez hurren. Alferrik. Teletovic eta San Emeterio taldeko bi zutabeen falta izan zuten. Eta horri etekina atera zion Unicajak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.