Baiona 20. Toulon 9

Partida bortitza, urrezko puntuak

Baionak eta Toulonek partida bortitza jokatu dute, eta, Sutaren txartel gorriak lagunduta, etxekoek irabazi dute

Baionako Dwayne Haare, atzoko partidan, Touloneko Joe van Niekerk gelditzen. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Hiru jokalari KO zorabio batean, beste hainbeste min hartuta, txartel hori bat eta beste gorri bat... Baionaren eta Toulonen arteko partida ez zen txantxetakoa izan. Lehia fisiko izugarria izan zuten zelaian, kontaktu oso gogorrekin, eta partidak ez zuen sekula erritmo bizirik izan desafio fisikoarengatik.

Hormonaz betetako lubaki gerla horretatik Baiona atera zen garaile; hori bai, zoriaren laguntzarekin. 16. minutuan, jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen Toulon, Jocelino Suta bigarren lerroak oso plakaketa itsusia egin baitzion Martin baionarrari. Bi jokalariak kalera joan ziren, Martin ez baitzen partida jarraitzeko moduan eta Sutak merezitako txartel gorria ikusi baitzuen.

Txartel gorri horrek, merezia izanagatik ere, partida erabat baldintzatu zuen, Baionaren desafio fisikoari ihardestera etorria baitzen Toulon, eta, hortik aitzina, gutxituta gelditu zen, eta bere jokalari izarren distiraren zain arriskua sortzeko.

Alderantziz, Baiona urduri ezarri zen, eta jokalari bat gehiagorekin nola jokatu ez zuen jakin hasiera batean. Boyetek eta Gartziak lau ostikada huts egin zituzten hurrenez hurren, eta Toulon 3-6 egon zen aitzinetik luzaz. Zorionez, lehen zatiko azken jokaldian Peyrasen entsegua etorri zen. Gartziak zigor kolpea fite jokatu zuen, azeri-azeri, eta Peyrasek jokaldia borobildu zuen: 8-6 atsedenaldian Baionaren alde.

Toulon irekitzailerik gabe

Toulonen malurrak ez ziren horretan gelditu, ordea. Haarerekin kontaktu beldurgarri bat jasan eta Wilkinson KO gelditu zen. Haren ordezkoa, Felipe Contepomi, lau minutu berantago KO ezarri zuen Thibault Lacroixen karga batek. 44. minutua zen; Toulon hamalau jokalarirekin zegoen, eta, gainera, irekitzaile gabe...

Toulonen panorama belztu ahala, Baionarena argitu egin zen. Gauzak askoz errazago egin zituzten handik goiti, Toulonek ez baitzuen inor jokoa zuzentzeko, ez eta zigor kolpeetan ostikadak jotzeko. Gainera, 10 postua nola edo hala betetzen ari zen Messinak ere min hartu zuen, eta ordezkorik ezean, erdi-zaurituta bukatu behar izan zuen partida.

Partidak hortik aitzina kolorerik ez zuen izan, eta Baionak aitzinean zuen nagusitasuna baliatu zuen puntuak sartzeko. Bi uztartzeetan zigor kolpea erdietsi zuen, jokalari bat gehiagorekin pusatzeak eman zion abantaila baliatuz: 14-6.

Jokoa ixtea zen haren estrategia, eta dena aitzinean jokatu zuen, Touloni min emateko. Toulon 14-9ra hurbildu arren, partida kudeatzen asmatu zuen Baionak. Toulonen nekea eta faltak baliatu zituen beste sei puntu sartzeko Gartziaren drop bati eta zigor kolpe bati esker. Azkenean, sorpresarik gabe irabazi zuen, eta urrezko lau puntu eskuratu. Europan amesten jarrai dezake.

Baiona. Iginiz (Lafond, 66. min.), Roumieu (Hegi, 46. min.), Baiocco (Avril, 46. min.); Filipo (Iginiz, 74. min.), Boutaty (Linde, 64. min.); Haare (Marmouyet, 35. min.), Martin (Flavell, 21. min.), Baget (kap.); Gartzia, Boyet; Peyras, Mazars (Fauque, 73. min.), Lacroix, Gerber; Pietersen.

Toulon. Taumoepau, Bruno (Ivaldi, 49. min.), Kubriashvili (Hayman, 40. min.); Suta, Schofield (Missoup, 76. min.); Fernandez-Llobe, Van Niekerk (kap.), Smith; Mignoni (Henjak, 62. min.), Wilkinson (Contepomi, 40. min. eta Loamanu ,44.min.); Wulf, Messina, Lovobalavu, Sackey; Lamont.

Markagailua. 3-0; 3-3; 3-6; 8-6 (atsed.) 11-6; 14-6; 14-9; 17-9; 20-9.

Epailea. Mathieu Raynal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.