Partida ikusezina

Inork ez du hitz egin Deportivoren aurkako gaurko partidari buruz, baina neurketa garrantzitsua da oso AthleticentzatZuri-gorriek puntuak pilatzen jarraitu gura dute, sasoi bukaeran onenen artean egoteko

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Urteko bigarren egunean jokatzeak ez du erraza izan behar. Profesional ona izanda ere ez. Gure ohituren kontra doan zerbait dela dirudi. Hori bai, ohiturak ere aldatzen dira. Baina denbora beharko da. Gainera, ezin da aitzakia moduan erabili. Athleticek aurrean izango duen taldea ere egoera bertsuan dagoelako. Talde zuri-gorriaren eta Coruñako Deportivoren arteko norgehiagoka beste edozein jardunaldiren antzera aztertu behar da. Berdin-berdin egingo da analisia, baina ez da berdin-berdina, abuztuan jokatzen den lehen jardunaldia ezberdina den moduan. Ez direlako aste normalak izaten. Gainerako jardunaldietan gainean egoten den inguruak beste gauza batzuei jartzen dei arreta: familiari, ospakizunei, oporrei, eguzkiari, elurrari, Olentzerori… Eta futbolariak eta entrenatzaileak ere lurtarrak direnez, antzeko kontuekin ibiltzen dira gora eta behera.

Denboraldi guztietan izaten dira bereziak urte bateko azken egunak eta hurrengo urteko lehenak. Baina Athleticentzat sasoi honetakoa are eta bereziagoa izan dela esan daiteke. Zuri-gorriek urtea oso ondo amaitu zuten. Aspaldiko partez, ligan etxetik kanpo irabazteko gai izan ziren, Levanten, eta hiru egun geroago, Bartzelona handiari eusteko gai izan ziren Espainiako Kopan. Atseden egunen atzetik Euskal Selekzioarekin jokatu zuten Joaquin Caparrosen hamaikakoetan ohikoak diren jokalari gehienek. Hori gutxi ez, eta taldeko izar nagusia Espainia aldean aritu da bere burua promozionatzen, eta egun bateko atzerapenarekin itzuli zen lanera. Athleticen gutxitan gertatu dira horrelakoak. Gauza horiengatik, entrenatzaileek ez dute aukerarik izan Migel Angel Lotinaren taldearen kontrako partida behar den moduan prestatzeko.

Urteko lehen norgehiagokaren aurreko astea ez da zuzenena izan partida ganoraz prestatzeko. Baina aurrera begira ere badago Deportivoren kontrako neurketan eragina izan dezakeen beste kontu bat: Kopako itzulikoa. Bartzelona gainditzearekin ari dira amets egiten jarraitzaileak. Ez dute beste ezertan pentsatzen. Baina aurrez Deportivoren kontra jokatu behar da, Athleticentzat garrantzi handia duten hiru puntu daudelako jokoan. Zuri-gorriek onenekin lehiatu gura dute.

Baina zer pentsatuko du Caparrosek? Ahal duen hamaikako indartsuena zelairatuko du edo gorde egingo ditu jokalari batzuk? 16:00ak arte ez du inork jakingo. Atzera begiratuz gero, argi eta garbi ikus daiteke entrenatzaileak apustu garbia egin duela koparen alde. Athleticek finala jokatu zuen denboraldian ligako partida asko «bota» zituen koparen mesedetan. Orduan ondo atera zitzaion apustua. Emaitza bestelakoa izan arren, aurreko sasoian ere talde lehiakorra zelairatu zuen. Hala ere, ez zen nahikoa izan lehen kanporaketan Rayo Vallecano mendean hartzeko. Beraz, badirudi gaurkoan ere ez dela berritasunik faltako.

Deportivo, horma baten pare

Athleticek zer egiten duen zain egongo da Deportivo. Meñakako entrenatzaileak oso ondo ezagutzen du talde zuri-gorria. Ondo erreparatu izan dio beti. Eta, gainera, Bizkaian informatzaile onak ditu, konfiantzakoak. Neurketa hasiera gogor bati aurre egiteko prest egoteko eta Athleticek estrategia baliatzeko ahalik eta aukera gutxien emateko eskatuko die futbolariei. Athleticek, berriz, jakin behar du horma bat izango duela aurrean. Txapelketa txarto hasi hasi ostean, joko sistema aldatzea erabaki zuen entrenatzaile bizkaitarrak. Azken jardunaldietan bost atzelarirekin aritu da Deportivo. Eta apustua, beste behin, ondo atera zaio Lotinari. Gaur egun ez dago oso ondo ikusia horrenbeste atzelarirekin jokatzea, baina emaitzak ekarriz gero, ez luke aldatzeko arrazoirik egon beharko.

Athleticek eta Deportivok nahikoa lan izango dute elkar zaintzen. Partida gaitza izango da. Aurkariarekin kezkatuta egoteaz gain, beste buruko min handi bat izango dute bi taldeek: zelaiaren egoera. Lehen Mailako zelairik txarrenetakoa dauka Athleticek. Aspalditik. Hala ere, orain arte ez dute konpontzeko premiarik ikusi. Etxeko partidak irabazi dituztelako ote da? Edo Bartzelonari aurre egiteko beste arma bat ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.