Asko dago jokoan gaur Santiago Bernabeun. Asko, jokoan dauden gauzak bat baino gehiago direlako, eta asko, gauza horietako bakoitza oso garrantzitsua delako. Realaren eta Real Madrilen artean txapelduna nor izango den, Javier Uria presidente hil berriari eskaini beharreko garaipena eta Athleticen UEFArako txartela. Esan bezala, asko.
Hala ere, aste hau izugarria izan da gaur zelairatuko diren bi kluben inguruan: Heyncksen agurra nahiz eta lehendik ere jakina zen, Beckhamen fitxaketa, Uriaren heriotza, Del Bosqueren jarraipena, eta atzo jakin zen azken albistea: Ernesto Valverde izango da Heynckesen ordezkoa. Berriak jakin zuenez, Athleticeko zuzendaritzak astearteko bileran erabakiko du nork zuzenduko duen taldea datorren denboraldian, baina seguruenik atzo zabaldutako albistea baieztatu egingo da, eta Valverde bera izango da.Athleticeko jokalari ohiak laguntzaile batekin hartuko du lehen taldearen ardura, baina laguntzaile hori atzo zabaldu zena gezurtatuz ez dela Koldo Agirre 70eko hamarkadako entrenatzailea esateko moduan da Berrria. Beste iturri batzuk laguntzailea Josu Urrutia izan zitekeela ere esan zuten, baina hura ere ez da izango.
Ernesto Valverde, Zubizarretaren apustua
Zubizarretaren apustua izan da Ernesto Valverde. Apirilean haren izena ere agertu zen zenbait hedabidetan, Jupp Heynckesek agian ez zuela jarraituko zabaltzen hasi zenean. Orduan Valverdek Egunero-ri emandako elkarrizketa batean ez zuen aukera hori aztertu nahi izan, eta bere helburua une horretan Bilbo Athletic Bigarren A Mailara igotzeko fasean sartzea zela azpimarratu zuen.
Orain, hain zuzen, horretan ari da entrenatzaile zuri-gorria. Jokalari gisa Alaves, Sestao, Espanyol, Bartzelona, Athletic eta Mallorcan aritu ondoren, entrenatzaile gisa beti Lezaman aritu da, eta harrobia ondo ezagutze horrek Javier Uria presidente hil berriaren onespena ekarri zion. Bilbo Athletic entrenatu aurretik zuri-gorrien kadeteak Nike Cup-en finala irabazi zuen horiekin 1998an eta gazteak ere entrenatu zituen Valverdek. Gainera, 2000-2001eko denboraldian Txetxu Rojo entrenatzailearen laguntzailea izan zen lehen taldearen aulkian.Aste honetan gertatutako guztiarekin, zaila da gaurko partidaz hitz egitea eta arreta hor mantentzea. Jokalarientzat, zuri-gorrientzat batez ere, derrigorrezkoa izango da arretari eustea, atzo Aitor Karankak adierazi zuen bezala partida Uriari eskaini nahi badiote. Athleticek dena kolpe batean egiteko aukera dauka: Uriari garaipena eskaini, UEFArako sailkatu, Realari Liga eskura jarri eta Heynckes eta denboraldia Real Madrilen etxean jaialdi zuri-gorri batekin agurtu. Aste nahasi bat amaitzeko bide onena litzateke, eta UEFArako txartela lortuta, bide batez, ilusioz beterik Heynckesen hondarrarekin proiektu berri bati hasiera emateko.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA
Partida mutua
Athletic eta Real Madrilen inguruan sorturiko albisteek itzalean utzi dute gaurko lehia erabakigarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu