Iraupena. 47:08.
Saketik. Bengoetxea VI.ak 4, Idoatek alerik ere ez eta falta bat.
Egindakoak. Bengoetxea VI.ak hogei; Idoatek sei.
Galdutakoak. Bengoetxea VI.ak hiru; Idoatek bi.
Markagailua. 2-0, 2-1, 4-1, 4-3, 6-3, 6-4, 7-4, 7-6, 14-6, 14-7, 14-8, 18-8, 18-9 eta 22-9.
Bestelakoak. Sarrera kaskarra Iruñeko Labrit pilotalekuan, harmailen erdia baino gutxiago bete zen. Apustuak parean irten ziren Bengoetxearen aldeko joerarekin.
Entretenigarria izan zen, behintzat. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatzeak zentzu askorik ez du; are gutxiago, pilotariek beraiek motibazio urria onartzen badute. Dena den, ikuskizuna ona bada, gaitz erdi, eta, atzokoan, Bengoetxea VI.ak iragan asteko irudia garbitu zuen. Leitzarra Idoate baino hobeto aritu zen, tantoa bukatzean eta pilotari norabide egokia ematean, bereziki, eta merezita lortu zuen hirugarren postua.
Emaitzak aditzera eman dezakeen baino lehia gogorragoa izan zen. 261 pilotakada asko dira 31 tantoko partida baterako; are gehiago, bost saketik egin zirela kontuan hartuta. Ikuskizuna defentsan egon zen, bi aurrelariek meritu askoko pilotak bueltatu zituztelako. Txalotzekoa Idoateren jarrera, ia garrantzirik gabeko partida oso aldapa gora jarri zitzaion arren emaitza atontzeko korrika jarraitu zuelako.
Lehen zatia oso ona izan zen. Katu borroka zirudien, Idoateren boleak Bengoetxearen sotamanoen aurka. Txapeldun ohia gehiago ausartu zen errematean, eta, zango biziei esker, Idoatek kontraerasoan tantoak pilatzeko aukera izan zuen (7-6). Ikustekoa izan zen Idoatek lorturiko 6-4ko tantoa, 32 pilotakada jo baitzituzten.
Nekea sumatzen hasi zirenean azaleratu zen Bengoetxearen abilezia. Aurkariak baino pilotari sen handiagoarekin, ezker pareta bilatu zuen bolea eragozteko. Aukerako pilotak aurkitu zituen, eta gantxoz zein dejadaz egin zituen tantoak (14-6). Partida hautsita zegoen, eta etsipenak Idoate irentsi zuen. Defentsari esker tanto batzuk egin zituen, baina irabazlea hazita zegoen eta azken txanpan dena atera zitzaion. Hurrengo urtean txapelduna saihestuko du.
Bengoetxea VI.a 22. Idoate 9
Partida ona izan da, behintzat
Bengoetxea VI.ak iragan astean emaniko itxura garbitu du, Idoateri partida entretenigarri batean ondo irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu