Zer iritzi duzu Espainiarekin jokatzen duten euskaldunetaz? Euskal jokalariek zergatik ez diozue Espainiako selekzioari uko egiten?
Une honetan, euskal jokalariok ez dugu zein selekziotan jokatu nahi dugun erabakitzeko aukerarik. Legez, behartuta gaude Espainiako edo Frantziako elastikoa defendatzera, bestela, gure kirol ibilbidea bertan behera geratzeko arriskua dagoelako. Hau esatearekin ez dut ezer justifikatu nahi, baina uste dut garrantzitsua dela jendeak jakitea egoera nola dagoen. Selekzioari uko egitea askotan aipatzen den gaia da. Nik ez dut uko egiteko aukerarik izan, inoiz deitu ez didatelako. Agian jorratu beharreko bidea litzateke, baina, uste dut kontu hau ezin dela Frantziako edo Espainiako selekziora deitzen dituzten jokalarien bizkar utzi. Guztion artean lortu behar dugu kirolari bakoitzak berak sentitzen duen selekzioarekin jokatzeko eskubidea izatea.
Zuek ateratako idatzia irakurri ondoren garbi ikusten da zer nahi duzuen eta zer exijitzen diozuen federazioari. Ikusi da partida zuen borondatea erakusteko jokatuko duzuela. Datorren urterako federazioaren aurrean zer jarrera hartu beharko zenukete?
Jokalariok atera genuen idatzian esan genuen bezala, uste dut aurrera begira eman beharreko pausoak ezin direla jokalarion esku bakarrik egon. Federazioak argi du bere jarrera: Espainiako federazioaren barneko egitura bat da, hiru lurraldeetara mugatzen dena, eta hori bermatzea da beraien helburu bakarra. Zilegia da beraien jarrera, baina beraien bidetik euskal selekzioa ez da sekula ofiziala izango. Ez da hori beraien helburua. Datorren urteko gabonetarako urtebete geratzen da. Badago denbora bide berriak lantzeko.Uste dut herri honetan badela nahiko indar, bai futbol munduan eta baita futbol mundutik kanpo ere, ofizialtasunaren bidean aurrera egiteko, eta hori da landu beharko dena. Partidak jokatzea garrantzitsua da, noski. Baina, nire ustez, ezin du helburu bat izan. Partidek, ofizialtasuna lortze bidean, bitarteko bat izan behar dute.
Bi urteren ostean berriro jokatuko da partida. Nahiz eta aurtengoan ere federazioak ofizialtasunaren aldeko bidean atzerapausoak eman dituen, nik uste dut garrantzizkoa dela partidu hau jokatzea. Zer iritzi duzue jokalariok? Nolatan erabaki duzue partida jokatzea?
Guk ere beti garbi izan dugu partidak jokatzea garrantzitsua dela. Aurten, Munduko Kopa nola amaitu den ikusita, are garrantzitsuagoa agian. Garbi genuen partidarik gabeko egoera betikotzea kaltegarria zela, jokatzen ez bada, erreferentzialtasun hori ere galdu egiten delako. Azken urteotan partidarik ez jokatzearen arrazoia, federazioak bere jarrera argitu eta ofizialtasunaren bidean pausoak ematea lortzea zen. Agian, ez dugu lortu federazioak pausoak ematerik, baina bai bere jarrera argitzea. Argi eta garbi ikusi dugu federazioa ez dagoela aurrerapausoak emateko prest, eta egoera horren aurrean, guk aurrera egitea erabaki dugu. Ezin genuen onartu federazioaren itxitasunak partidarik gabeko egoera luzatzen jarraitzea, eta horregatik hartu genuen jokatzeko erabakia.
Ez al zaizu iruditzen EAEko kirol Federazioaren jokoan sartu zaretenik? Zazpi probintzia garela sinesten dugunok lekurik ez dugula jakinda, zergatik erabaki duzue aurrera egitea? Mattin.
Nahiz eta Euskadiko Futbol Federazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatutako federazioa izan, uste dut Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren alde lan handia egin daitekeela erakunde horretatik ere. Baina horretarako, borondatea behar da, eta gaur egun EFFn ez dago ikuspegi horretan lan egiteko asmorik. Guk, federazioa (jokalariokin elkarlanean) bidelagun izan nahi genuen (eta dugu), baina gaur-gaurkoz ez da posible.
Euskal Herriko jokalariak izenarekin izenpetzen duzuenean, jokalari guztien izenean idazten duzue ala ba al dago zuen ildo horretatik ez doan jokalaririk? Iker Totorika.
Jokalarion artean ere ikuspegi ezberdinak badaude, noski. Euskal Herriko Jokalariak-en izenean idatzia izenpetzea, hainbat aldagelatan hitz egin ondoren gehiengoz hartutako erabakia izan da.
Hiru egunkari irakurri ditut eta Euskal Selekzioarekin jokatuko duten jokalarien izenen artean zurea ez da agertzen. Zerrendan ez zaudela ikusita zer sentitu duzun jakin nahi nuke; amorrua, pena? Irati.
Aurten ez nahiz partidako deialdian sartu. Oso eskertuta nago, aurreko urteetan partidak jokatzeko behin baino gehiagotan deitu izan didatelako. Egia esan, pena sentitzen dut aurten partida horretan zelaian egoterik izango ez dudalako, baina ni bezalaxe beste jokalari asko eta asko sartu zitezkeen deialdian, eta kanpoan geratu dira. Deialdiak hautatzaileek egiten dituzte. Errespetatu egin behar dira haien erabakiak.
Zer iruditzen zaizu Xabi Alonsok euskal selekzioarekin jokatzea? Real zalea.
Ondo iruditzen zait. Xabi, euskal herritarra izanagatik ere, behartuta dago Espainiarekin jokatzera. Joaten ez bada, zigorra jasotzeko arriskua izango luke, eta hori ez zait ondo iruditzen. Ez du, gaur egun, zein selekziorekin jokatu nahi duen erabakitzeko aukerarik. Aukera duen egunean, berak erabaki dezala zein nahiago duen.
2007an jokatu zuen Euskal Herriko selekzioak azkenekoz. 2008an ez jokatzea erabaki zen eta Bilboko hedabide batzuek hauxe esan zuten: «Realeko lau jokalarik esan dutelako ez da jokatuko aurten Gabonetako partida». Behin baino gehiagotan zuei egotzi zaizue partida ez jokatzearen ardura. Zer deritzozu? Irati.
Gauza asko esan eta idatzi dira hedabideetan euskal selekzioaren inguruan. Uste dut batzuk gaiaren mamiari heldu ordez, nahiago izan dutela benetako eztabaida ezkutatu eta bestelako kontuekin gaia nahasten saiatu. Ez dira eroso sentitzen, nonbait, selekzioaren inguruko eztabaidan. Lehen partida ez jokatzea eta orain partida jokatzea talde ezberdinetako jokalarion erabakia izan da. Hartu diren erabaki guztiak bezalaxe.
Mikel Labaka. Euskal Herriko Futbolariak taldeko kidea
«Partidak jokatzea ezin da helburu bat izan, bitarteko bat baizik»
Realeko atzelaria BERRIAren egoitzan izan zen atzo irakurleen galderei erantzuten. Hilaren 29ko partidari buruz aritu zen. Elkarrizketaren laburpena da hau; webgunean dago osorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu