Aldapa gora jarri zitzaion partida Realari. Hamaikagarren minuturako bi gol sartu zituen Real Madrilek atzo Anoetan, Sergio Ramosen eta Baleren eskutik. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, markagailua berdintzea lortu zuen Realak: Iñigo Martinezek sartu zuen gola lehenik, 35. minutuan, eta Zurutuzak gero, 41. minutuan.
Hasieran Madrilek kontrolpean izan zuen partida, baina guztiz aldatu zen, eta Reala izan zen nagusi bigarren zatian. Zurutuzak 3-2koa egin zuen 65. minutuan, eta, partida borobiltzeko, laugarrena eman zion Carlos Velak Realari, 75. minutuan.