Euskal Selekzioak eta Boliviak lagunarteko partida jokatuko dute abenduaren 29an, 20:00etan, Donostiako Anoeta estadioan, eta "partidaz haratagoko aldarrikapen egunean" parte hartzeko deia egin du ESAITek, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak. Martxel Toledo ESAITeko ordezkariaren hitzetan, "jokalarietako batzuekin hitz egin ondoren, eta Euskal Herriak egun bizi duen aldaketa egoeran oinarrituta" erabaki du ESAITek ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen eguna antolatzea. "Partida, partida hutsean geratzen nahi ez dugulako".
ESAITek gogor kritikatu du Euskadiko Federazioak azken lau urteotan egindako lana. "Trabak besterik ez dituzte jarri, ofizialtasunaren bidean pausorik eman ez zedin". Baina Eusko Jaurlaritzan izan den aldaketa eta Euskadiko Federazioan laster izango dena baliatu beharra daudela gaineratu du.
Egun osoko egitaraua antolatu du ESAITek
- 12:30ean pilota partida bat jokatuko da Atano III.a pilotalekuan. Mendizabal I.a-Goñi III.a eta Koka-Eulate izango dira aurrez aurre.
- 16:00etan Irrien Lagunen ikuskizunaz gain, puzgarrietan jolasteko aukera izango da.
- 17:00etan kalejira abiatuko da Bulebarretik Anoetaraino (ordu berean 3 gabe 2 taldearen kontzertua izango da Gaska kiroldegian).
- 18:00etan ekitaldi nazionala egingo dute Gaska kiroldegian.
- 20:00etan da partida, eta ekitaldi nazionalaren eta partidaren artean beste kontzertu txiki bat emango du 3 gabe 2 taldeak.
Anoetara joaterik ez dutenek, berriz, pantaila erraldoi batean ikusi ahal izango dute partida. Behin lehia amaituta, beste bi kontzertu egongo dira: Skakeitan eta La Pop'lla 2.0 taldeen kontzertuak izango dira. Horrez gain, txoznak eta beste hainbat ekitaldi ere izango dira egun osoan Atano III.a eta Gaska kiroldegiaren inguruan, Anoeta estadioaren ondoan, Amaran.