Azkenean, iritsi da eguna. Pilota hotsak iskanbila, usteak, kexuak eta aitzakia merkeak isilaraziko dituen igandea. Beharko zukeena baino hilabete geroago, baina, azkenean, interesgunea kantxa izango da. Bi pilotari, lege onez sailkatu zirenak, pilota eta txapela. Bere sotiltasunean. Hain sinple, hain garrantzitsu. Pilotaren egunik handiena, eta pilotaleku handienean (17:00, ETB1). Aimar Olaizola hirugarren txapelaren bila, eta Xalak aurrenekoa du helburu. Diruak, lotsagabe, egin du lehen iragarpena; Goizuetakoa da faborito: 100-40ri. Logikak hori dio, baina Xalak txapelketa honetan behin gutxienez egin dio aurre geldiezina zirudienari, patua idatzita ez dagoela erakutsiz.
Xala Bilboko Bizkaia pilotalekuko kantxara irtetean jasoko duen txalo zaparrada entzutekoa izango da —3.000 eserlekuak beteko dira—. Manomanistak badu dagoeneko bere txapeldun morala, orain historia liburuetan agertuko dena jakitea falta da. 2011ko buruz burukoa Xalaren txapelketa izango da, galdu zein irabazi, baina enpresen ligari irabazitako pultsua garratz bilakatuko da gaur ez badu balentria borobiltzen. Duela hemeretzi egun «bere» finaletik kanpo zen, baina enpresari hordagoa bota, eta irabazi egin zuen. Zaila izango da oroitzapen hori kantxatik kanpo ateratzea, eta baliteke onerako izatea. Xalak hau esan zuen: «Polemikak nire amorrua ateratzen lagundu behar dit, eta onerako izan dadila». Beharko du, aurkariak sekulako buruz burukoa egin baitu.
Olaizola II.ari, irabazten badu, filmeko gaiztoaren rola egokituko zaio. Ez du mereziko, baina. Lehen unetik nabarmendu zuen Xalak beharko lukeela bere aurkaria eta behar bezain beste itxaroteko prest zegoela. Are gehiago, bere aurkariak hasitako borroka txalotu zuen, «berea zena defendatzen ari zelako». Olaizolaren bidea ere ez da erraza izan, duela sei hilabete itzuli zen pilotalekuetara belauneko ebakuntzaren ondoren, eta gaurkoa bigarrenfinala du. Lesioak bere jokoa baldintzatu du, eta orain oldarkorrago jokatzen du. Errematea lehenago egiten saiatzen da, tantoa hainbeste mamitu gabe, eta emaitza ona izan da. Merino II.aren aurka irabazi zuen lehen kanporaketa, eta Irujorekin lehiatu zen gero. Bilbon partida bikaina jokatu zuten, erritmo bizikoa, eta 22-18 gailendu zen. Gero etorri zen Bengoetxea VI.a, eta Olaizolak agindu zuen. Errematean zehatz, leitzarrari ez zion aukerarik eman. Joko askorekin dago, eta Bilbon bolada luzatu nahi du.
Finaleko gakoetako bat sakea izango da. Sake-errematearen txapelketa izan da, eta gaur ere hala izango da. Xalak asko entsaiatu zuen, Retegi Biren aurkako azken entrenamenduan, eta, esan bezala, Olaizolak txapelketan erabili du. Bilboko pilotalekua gogorra da, pilotak atzean karga asko hartzen du, eta botera jarriz gero zaila da aurkaria saihestea. Gauzak hala, litekeena da biek lehen tantotik airez errestatzera joatea. Pilotariek zein botileroek asmo hori onartu dute. Joko horrek erritmoa bizitzen du, eta partida asko gogortu daiteke. Hauspoak garrantzia izango du, eta ikusteko dago Xalaren sasoia zer-nolakoa den.
Harrigarria badirudi ere, Xalak eta Olaizola II.a behin baino ez dute elkarren aurka jokatu buruz buruko txapelketan. 2004an izan zen, eta Xalak irabazi zuen: 22-18. Finalei dagokienez, bi aldiz neurtu dituzte indarrak, eta biak Olaizolak irabazi ditu. 2005ean, lau t'erdikoa (22-5), eta aurten, binakakoa (22-14). Olaizolak Begino zuen alboan, eta Xalak, Beroiz. Gaurkoa buruz buruko hirugarren finala izango da Xalarentzat, eta aurreko biak Irujoren aurka galdu zituen. Olaizolarentzat, berriz, seigarrena, eta aurrekoetatik bi irabazi zituen. Gaur irabaziz gero, Eugi eta Gallastegi berdinduko ditu garaipen zerrenda historikoan. Dena den, Gallastegiren garaian txapelketa bi urtean behin jokatzen zen, eta Eibarko mitoak final bati uko egin zion.
54 urte geroago
Urteko partidarik garrantzitsuena Bilbora itzuliko da 54 urte geroago. 1957az geroztik buruz buruko finala ez zen Ibaizabal alboan jokatzen. Ordukoa Deportivon jokatu zen; aurtengoa, berriz, Bizkaia modernoan. Bilboko azken finala Jesus Garcia Ariño Garcia Ariño I.ak, eta Joxe Arriaran Arriaran II.ak jokatu zuten, maiatzaren 26an, goizean, eta ez zen bukatu. Ariño 16-11 irabazten ari zela bertan behera gelditu zen, Arriaranek belauneko lotailu bat hautsi zuelako partidaren hasieran (9-5ekoan). Ordurako 300 pilotakadatik jota zituzten, asko buruz buru izateko. Orduko egunkarietako kronikek diotenez, jendetza gelditu zen kanpoan, Rekalde zumardiko harmailak beste hiru aldiz betetzeko adina. Ikusmin hori ikusita, harrigarria da hainbeste urte pasatu izana finala Bilbora itzuli aurretik. Dena den, badirudi hurrengo urteetan asko gerturatuko direla Miribillako mendi kaskora.
@Inkesta, zeinek irabaziko du buruz buruko finala? Olaizola II.ak edo Xalak?: www.berria.info/inkestak/
Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala
Patua ez baitago idatzia
Olaizola II.ak eta Xalak buruz buruko finala jokatuko dute gaur Bilbon, eta, apustuzaleen ustez, Goizuetakoa da txapela irabazteko faborito garbia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu