Patxi Izkok ukatu egin du Juanfran Atletico Madrili saltzeko akordio bat dagoela

Camuñas erabat osatu da biharko partidarako, eta Pandianik esan du bera ere jokatzeko moduan dagoela

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Juanfran Torres, Osasunako jokalaria, neguko merkatuko izenetako bat izaten ari da. Zurrumurruek behin baino gehiagotan kokatu dute Atletico Madrilen, eta atzo Patxi Izko Osasunako presidenteak azken albisteak ukatu zituen. Madrilgo hedabide batek akordioa egina zegoela zabaldu zuen, eta jokalaria Atleticotik «pauso bakarrera» zegoela esan. Izkok, berriz, goitik behera ukatu zuen akordio hori. «Pausoa metro erdikoa edo hamalau kilometrokoa izan daiteke. Bada hau hamasei kilometrokoa da; ez dago ezer». Presidenteak Nafarroako Gobernuarekin bildu aurretik egin zituen adierazpenok.

Fitxatu beharraren albistea atzo goizean egin zen publiko; albistean zioten asteak zeramatzatela bi taldeek negoziatzen. Hori egia da, Atleticok eskaintza bat baino gehiago egin omen baitu erdilariarengatik. Osasunak, baina —hala adierazi izan du Izkok—, ez du hamar milioi euroko etete klausula jaisteko asmorik. Aldiz, eta Atleticoren iturrietatik zabaldu denez, Madrilgo taldeak zazpi milioi ere eskaini omen ditu eta jokalari bat utzita joatea. Neguko merkatua urtarrilaren 31n bukatuko da, eta bi taldeek oraindik hiru aste dituzte negoziatzeko.

Bestalde, Jose Antonio Camachok aspaldiko partez albiste onak jaso zituen atzo, Taxoareko lan saioan. Izan ere, Walter Pandiani hasieran uste baino bi aste lehenago hasiko da jokatzen. Aurrelari uruguaitarraren izterreko gihar arazoek hobera egin dute, eta atzo sasoi betean entrenatu zen. Bere egoeraz ari zela,adierazi zuen Getaferen aurka arazorik gabe jokatzeko moduan dagoela. «Bihar jokatu ahal izango dut; ez dut oinazerik sumatzen. Aste osoan ondo entrenatu naiz, gogor. Partida garrantzitsu baterako prest egoteaz pozik nago». Dena den, atzoko entrenamenduan ikusitakoaren arabera, litekeena da hasieratik ez aritzea, eta Lekic izatea aurrelaria. Haren atzean, Javier Camuñasek jokatuko du, dagoeneko sasoi betean baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.