ATHLETIC 1. VALENTZIA 1

Pauso bat da, baina txikia

Athleticek berdindu egin du Valentziarekin, Adurizek azken unean sartutako golari esker.Zuri-gorriek bost puntura dute Malaga, seira gol aldea kontuan hartuta

Aritz Aduriz eta Nicolas Otamendi, lehian, atzo Athleticek eta Valentziak San Mamesen jokatutako partidan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Julen Etxeberria.
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: De Paulek (61. min.). 1-1: Adurizek (90. min.). Epailea. Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Athleticeko Balentziaga, Aduriz, Beñat, Gurpegi eta Iraizozi; eta Valentziako Andre Gomes, Alves eta Barragani. Txartel gorria: Otamendiri (83. min.). Bestelakoak. 48.000 ikusle inguru San Mamesen. Athleticeko jokalariak Iker Muniaini animoak emateko elastikoekin zelairatu ziren. Hainbat jarraitzaile taldek, berriz, bederatzi minutuko isilunea egin zuten, Iñigo Cabacasen omenez, haren heriotzaren hirugarren urteurrenean.

Bidegurutze batean dago Athletic. Bi aukera ditu. Bat, ligako azken txanpan bete-betean lehiatu, sailkapeneko zazpigarren postua lortzen saiatzeko eta, horrela, Europarako sailkatzeko, Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako finalean gertatzen denaren zain egon gabe —finala irabazita, txapeldun gisa sailkatuko litzateke Europako Ligara, eta finala galduta, ligako zazpigarren sailkatu gisa—.

Helburu horretan beste pauso bat eman du Athleticek jardunaldi honetan, pauso txikia hori bai, puntu bakarra kendu baitio Malagari, atzo San Mamesen Valentziarekin bana berdinduta lortutakoa, hain zuzen ere. Puntu bat, eta eskerrak, Adurizek 90. minutuan lortu baitzuen berdinketaren gola —De Paulek aurretik jarri zuen Valentzia 61. minutuan—.

Kontuak argi daude: Athleticek sei puntu kendu behar dizkio Malagari falta diren zortzi jardunaldietan —Espainiako taldeak bost punturen aldea du, baina gol alde hobea duenez, seikoa da benetan aldea—. 24 puntu banatzeko daudela kontuan hartuta, erronka zaila dirudi, baina ez ezinezkoa, are gehiago azken asteetan aldeak izan duen garapena kontuan hartuta: duela bi hilabete hamabi puntukoa zen bi taldeen arteko aldea, hamahirukoa gol aldea aintzat hartuta. Beraz, zortzi jardunalditan zazpi puntu jan dizkiote zuri-gorriek aurkariari, aldearen erdia baino gehiago, alegia.

Malagari aurrea hartzeko ahalegin horrek, ordea, ondorioak izan ditzake: bat, nagusia, jokalari zuri-gorriak indarrez hustuta iristea denboraldi amaierara. Eta sasoi betean egonda ere zaila baldin bada Athleticek Bartzelona ezustean harrapatzea Kopako finalean, zer esanik ez sasoiko egon gabe. Gainera, azken ahalegin hori egiteak ez du ziurtatzen liga zazpigarren postuan bukatzea. Malagak ere huts egitea behar du, eta Espainiako taldeak ez du zalantzarik, oso argi dauka zer egin beharra duen falta diren zortzi jardunaldietan: barruan duen guztia eman. Gustura egongo litzateke Athleticen egoeran, titulu bat irabazteko aukerarekin.

Indarrak gordetzea da zuri-gorriek azken txanpa honetan duten beste aukera. Baina horrek ere izan dezake ondoriorik, bat guztien gainetik, zazpigarren postuak ihes egitea, hau da, Kopako finalean gertatzen denaren zain, Europarako sailkatzeko aukerarik ez izatea. Hori gertatuz gero, Kopa irabaztea beste aukerarik ez luke bigarren urtez jarraian Europan zehar bidaiatu ahal izateko. Eta Kopa irabazi ezean, zer? Bada, esku-hutsik geratuko litzateke: ez Kopako titulurik, ez Europarako txartelik. Kolpe gogorra litzateke.

Ernesto Valverdek, beraz, ez du erabaki errazik. Normalena litzateke erdibideko bide bat hartzea: liga ahal den ondoena amaitzen saiatzea, baina asmo horretan indar guztiak xahutu gabe. Ikusteko dago hori eginda ere saririk egongo den. Hori dauka futbolak, ez dela matematika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.