Luzea eta gogorra da mailari eusteko egin beharreko bidea. Ondo barneratua du hori Osasunak. Badaki saltoka iristen dela azkarren helmugara, baina ezin denean jauzi egin, behintzat pausoak eman behar dira. Halaxe egin du gaur, Huesca azken sailkatuaren zelaian berdinduta. Garaipena aurrerapen handia izango zatekeen gorritxoentzat, baina urri dabiltza sormen aldetik, eta kamuts baloiak sareratzerakoan. Eta golik ezean, puntu bat da lor daitekeen saririk handiena.
Berritasunekin agertu da Osasuna Alcorazen. Hamaikakoan, Ruben Garciaren hutsunea izan da nagusia. Erdilaria titular izan da gaur arteko 27 partidetatik 26tan, baina atseden eman dio Jagoba Arrasatek, haren tokian Jony ipinita. Aulkian, berriz, Chimy Avilak bereganatu ditu begirada guztiak; deialdi batera itzuli baita 421 egunen ondoren, belauneko lesioak gainditurik.
Denboraldiaren amaiera geroz eta hurbilago dago, eta aurkari zuzenen arteko lehiak tentuz jokatu beharrekoak dira. Taldeak ez dira ero-eroan irteten zelaira; lehen minutuak neurketari eta kontrarioari neurria hartzeko baliatzen dituzte. Kasurako, halaxe egin dute gaur Huescak eta Osasunak. Ez da hasierako oldarraldirik izan. Hori bai, gorritxoenak izan dira lehen hurbilketa arriskutsuak. Lehenik, sasi-erdiraketa pozoindu bat egin du Jonyk; eta gero, tokitatik indarrez jaurti Torrok, Jonyk berak ezkerretik abiatutako jokaldia amaituz.
Lehia beste fase batean sartu da lehen ordu laurdenaren ondotik. Nagusitzen hasi dira etxekoak, Seoanek zelai-erdiko lema hartu ahala. Bere egin dute baloia, eta ez da jabetza hutsala izan: 22. minutuan Vavrok langara bidali du baloia, eskuinkada ikusgarri baten bidez; eta bost minutu geroago, Mirren burukada gurutzatzua oso gutxirengatik ez da sartu gaurkoan Juan Perezek defendatu duen atean. Ezkerretik nagusitasun egoerak sortu ditu Huescak, Galan, Rico eta Sandroren bidez, eta Osasunak buru-belarri jardun behar izan du zuloak ixten eta erdiraketak urruntzen. Eta erasoan, ez da konexiorik izan erdilarien eta aurrelarien artean. Callerik erdiko hiru atzelarirekin egin behar izan du talka; ez zen zeregin samurra. Alta, 39. minutuan tokia egin du area ertzean, eta bizkarrez, Moncayolari eman dio baloia. Erdilariak kanpora jaurti du, ordea. Nafarrek neurketa parekatzea lortu dute atsedenaren aurretik. Kolpe trukaketa.
Orekak bere horretan jarraitu du etenaren ondoren. Galanek erdiraketa gaiztoa egin du bigarren zatia hasi eta berehala, baina ez du inork errematatu. Jonyk bai, harrapatu du Barjak ezkerretik eginiko erdiraketa, 51. minutuan. Ez du garbi errematatu, baina. Partida lakartu egin da gero, azken hogei minutuetan ireki aurretik. Osasunak Barjaren bidez izan du markagailuan aurrea hartzeko aukera, erdiraketa bat area barruan ehizatuta; alabaina, erdi-erdira errematatu du buruz. Huescak, berriz, bi abagune garbi izan ditu, Escricheren eskutik. Lehenik, burukada ia atepetik atera dio Aridanek. Eta azken jokaldian, gehiegi gurutzatu du jaurtiketa. Hala, zapore gozoagoa hartu du berdinketak Osasunarentzat.