Josu Urrutiak «pazientzia eta batasuna» eskatu zuen atzo, Athleticeko presidente moduan eginiko lehen agerpen publikoan. Abian jarri nahi duena «erdiko epeko eta luzera begirako» egitasmo bat dela azaldu zuen, eta horrelako proiektuek «konfiantza eta pazientzia pixka bat» behar dutela. Era berean, iragarri zuen Marcelo Bielsa entrenatzaile berria bihar iritsiko dela, eta etzi hasiko dela taldearekin lanean.
Nekatu aurpegiarekin agertu zen; hauteskunde egun gogorraren ondorena zen. Azaldu zuenez, goizean Ibaiganera iritsi zenerako lanean hasiak ziren bere hautagaitzako kideak. Urrutiak denbora eskatu zuen, eta helburu bat lehenetsi: «Batasuna». Presidente berriaren ustez, ezinbestekoa da hauteskundeak ekarri ahal izan duen zatiketa alboratzea. «Batasuna epe laburreko emaitzetatik haratago doa. Athleticen, edozein kargu izanda ere, beti daude ondo zaindu beharreko arloak».
Urrutiak ez du aginte pertsonalistarik nahi. «Ni ez naiz Athletic: ni Athleticen nago», zehaztu zuen, eta nabarmendu zuen orain «planifikatzeko» garaia dela, orain erabakiak hartu behar dituen arren. Hitz horiek Javier Irureta aurreko kirol zuzendariarentzat eta Manuel Delgado Meco Lezamako buruarentzat ziren. Ez zuen argitu jarraituko duten, baina zaila dirudi, Urrutiak Jose Mari Amorrortu aukeratu baitzuen kirol arloa zuzentzeko.
Urrutiaren apustu garrantzitsu eta arriskatuena Marcelo Bielsa izan da. Entrenatzaile miretsia da bere herrialdean, baina Athleticen eskaintza onartu du. Bihar iritsiko da Euskal Herrira, bere lau laguntzaileekin, eta etzi hasiko da lanean lehen taldearekin. «Prestigio handiko entrenatzaile ona da, eta taldean arrastoa utz dezakeela uste dut», aurreratu zuen Urrutiak. Negoziazioetako gorabeherak azaltzean, esan zuen «harrobi lanak gustuko» dituelako aukeratu duela Athletic, eta «etxeko jendearekin» bakarrik jokatzeak erakarri duelako. Bielsa teknikari metodikoa da, eta ia puntu obsesibo bateraino eramaten du prestakuntza. Aurreko taldeetan, kirol instalazioetan bizi izan da; dena dela, Urrutiak ez zuen argitu teknikariak Lezaman etxebizitza bat egokitzeko eskatu dion ala ez.
Athleticek jokalari bakarra fitxatu du: Ander Herrera —Mikel Orbegozo bigarren taldean ariko da—. Bielsak ez omen du besterik eskatu. Dena dela, Urrutiak azaldu duenez, «ez dago entrenatzailerik aukera on bati atea itxiko dionik». Izen zerrenda mugatua da, Athleticek egun duen multzoa hobetzea ez baita erraza. Halere, izen bat ageri da beste guztien gainetik: Aritz Aduriz.
Urrutiak ez zuen izenik esan, baina ezaguna da presidente berriak aurrelariarekin duen harremana, eta aditzera eman zuen sukalde lanetan dabilela. «Ez da ona nik izenik esatea; futbolean ez da ona, hitz egiteak fitxaketak garestitzen dituelako». Diskrezioa izango da jardunaren oinarria. «Zerbait egitekotan, ahalik eta modu isilenean egin behar dugu». Aduriz fitxatzeko, etete klausula ordaindu beharko litzaioke Valentziari. Bere garaian, Athleticek sei milioi euroren truke saldu zuen.
«Pazientzia eta batasuna»
Josu Urrutiak denbora eta konfiantza eskatu dizkie bazkideei, abian jarri duena «erdiko epeko eta luzera begirako» egitasmoa delakoMarcelo Bielsa bihar iritsiko da Bilbora eta etzi hasiko lanean jokalariekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu