Mendia

Pedro Udaondo alpinista hil da Europako Mendietan eskalatzen

'Markesaren korridorea=-n erori egin da 300 metro behera. Bilbotarra euskal eskalatzaileen artean aintzindarietakoa izan zen. 73 urte zeuzkan. Gorpua Bilbora dakarte orain.

2007ko martxoaren 17a
18:57
Entzun
Albiste lazgarria iritsi da gaur Europako Mendietatik (Asturias, Espainia): Pedro Udaondo euskal alpinista hil da, eskalatzen ari zela. Markesaren korridorea eskalatzen ari zela erori egin da 300 metro behera eta kolpeen ondorioz zendu da. Asturiasko 112 larrialdi zerbitzuetan 7:50ean deia jaso dute Vegarredonda aterpetxetik, istripuaren berri emanez, eta suhiltzaileak bidali dituzte Udaondoren bila. Gorpua Cangas Onis herrira eraman dute ondoren eta orain Bilbora dakarte.

Udaondo bilbotarra zen eta 73 zeuzkan. Euskal eskalatzaileen ezaguna zen oso, aitzindarietakoa izan zelako. Hura izan zen Naranjo Bulnes ezaguna igotzen lehen alpinistetakoa (1956an igo zuen aurreneko aldiz, Anjel Landarekin batera), eta 140 aldiz igoa zuen harrezkero; azkeneko aldiz, iazko martxoan.

Pako Iriondo Euskal Herriko Mendi Federazioko presidente ohiak asko estimatzen zuen Udaondo. "Gizon bikaina zen, jatorra, eta oso maila handikoa", esan du Euskadi Irratian. "Gaur egungo materiala izango balu orduan, auskalo zer egingo zituzkeen eskalatzen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.