Apustuak irabazi edo galdu egiten dira. Bada, Aspek galdu egin du binakakoaren lehen ligaxka amaitutakoan bere lau bikoteak lehian jarrai zezaten egindako apustua. Daukan guztia jarri du jokoan hori lortzeko; horrenbeste, ezen tokia kendu dio Iker Irribarriari, buruz buruko txapeldunari, eta toki hori Danel Elezkanori eman, binakakoan txapeldun izanagatik ere, txapelketatik kanpo utzi zuenari. Eibarko (Gipuzkoa) enpresaren arabera, Elezkano II.ak eta Beñat Rezustak osatutakoak zirudien bikoterik aproposena atarikorako sailkatzeko. Estatistikek arrazoi ematen zioten: binakakoan elkarrekin jokatutako 35 partidetatik 26 irabazi zituzten. Berme ona zirudien azken partidan Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri irabazi, eta Aimar Olaizolari eta Mikel Urrutikoetxeari azken egunera arte gauzak estu jartzeko.
Baina usteak erdia ustel. Kukuak oker dio Asperi. Peña II.a-Albisuk 22-18 irabazi diete gaur Elezkano II.a-Rezustari Iruñean, Labriten. Baikokoek, beraz, mesede galanta egin diete Olaizola II.a-Urrutikoetxea enpresakideei, haien garaipenak atariko kanporaketarako sailkapena eman baitie. Beraz, soberan dago Olaizola II.a-Urrutikoetxeak igandean Bilbon Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka jokatu behar duten neurketa. Dena dago erabakita: Iñaki Artolak eta Ander Imazek, eta Olaizola II.a-Urrutikoetxeak jokatuko dute atariko kanporaketa bat; eta Jokin Altunak eta Ladis Galarzak, eta Laso-Albisuk bestea. Datorren asteburuan jokatuko dituzte bi lehia horiek. Irabazleek Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta, eta Ezkurdia-Martija dituzte zain finalerdietako ligaxkan.
Olaizola II.a-Urrutikoetxeak asko diote eskertzeko Peña II.a-Albisuri, eta gauza bat guztien gainetik: jokoan ezer gutxi izanagatik ere, bete-betean aritu direla. Presiorik ez izanak ere mesede egin die, suelto aritzeko. Kontrakoa gertatu zaie Elezkano II.a-Rezustari: presioak ito ditu. Baikokoen lan bikainak sartu die presio hori. Estreinakoa izan arren, ikusgarri aritu da Peña II.a: hamabi tanto egin ditu, eta Elezkano II.ari nagusitu zaio. Albisuk ere erakustaldia eman du —hiru tanto egin ditu—, eta Rezustari irabazi dio lehia. Hala ere, sufritu egin dute irabazteko, 17-11 joan ondoren, 19-18ra gerturatu baitira arerioak. Baina garaipenak ez die ihes egin.