«Ahuldu egin naiz, hustu, eta indarberritu beharra daukat». Hitz horiekin azaldu zuen atzo Pep Guardiolak datorren denboraldian ez duela jarraituko Bartzelonako entrenatzaile karguan. Kataluniarrak 2008ko ekainaren 17an hartu zuen lehen taldearen kargua, eta, lau urteren ondoren, hamahiru titulurekin esango du agur. Hamalaugarrena ere eskuratu ahal izango du, maiatzaren 25ean Espainiako Kopako finala jokatuko duelako, Athleticen aurka. Sandro Rosell presidenteak berak argitu zuenez, Tito Vilanova egun lehen taldean laguntzaile duenak hartuko du entrenatzaile kargua.
Besteren artean Puyol, Xavi, Iniesta, Valdes, Cesc, Pique, Busquets eta Pedro aurrean zituela eman zituen azalpenak Guardiolak, prentsa aretoa kazetariz lepo beteta zegoela. Bartzelona «indar, bizitza eta potentzia ikaragarria duen klub bat» dela aitortu zuen entrenatzaileak, eta «atseden hartzea» beste helbururik ez daukala orain buruan. Urritik erabakia hartuta zeukala azaldu zuen, eta eskerrak eman zizkien jokalariei, urteotan egin duten lanagatik. «Eurek eman diote zentzua nire lanari». Bere ondorengoaren gaitasunen inguruan galdetuta, klubak «bete-betean» asmatu duela argitu zuen Guardiolak. «Uste dut nik jada eman ezin diezaiokedan hori emango diola klubari».
Pep Guardiolak ez du jarraituko Bartzelonako entrenatzaile karguan
Guardiolaren oraingo laguntzaile batek hartuko du postua datorren denboraldian: Tito Vilanovak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu