Amaitu da Velimir Perasovicen hirugarren aroa Kirolbet Baskonian. Lehen aroa bihotzeko arazo batengatik amaitu zen; bigarrenean Anadolu Efesera joan zen; eta, oraingo honetan emaitzek kondenatu dute. Maccabiren eta Anadoluren aurkako Euroligako porrot mingarriek kolokan jarri zuten haren kargua, eta azkenean Real Madrilen kontra 55-77 galdu eta gero, iritsi da erabakia. Taldeak partida oso kaskarrak egin ditu, batez ere defentsan, eta izaera lehiakorra galdu du. Ez diote lagundu Jayson Granger eta Patricio Garino bezalako jokalarien lesio larriek. Azken aldi honetan urtebete eskas egin du karguan. Izan ere, iazko azaroaren 16an hartu zuen kargua, Pedro Martinez ordezkatuz.
Jospe Maria Berrocalek zuzenduko du orain taldea. Perasovicen laguntzaile izan da orain arte, eta aurreko sasoian Estudiantes entrenatzen aritu zen. Igandean izango du lehen neurketa, Burgosen aurka. Klubak egindako lana eskertu dio Perasovici, eta entrenatzaileak zaleak eta klubak izan ditu gogoan agurrean. "Oso eskertuta nago niretzat oso berezia izan den klub batean lan egiteko aukera izan dudalako. Zaleak beti izango ditut gogoan, une zail eta onetan ondoan izan ditudalako. Argi dago taldeak aldaketa bat behar duela, eta bihotzez espero dut dena ondo joatea".