Golak: 0-1: Pedrok (3. min.); 0-2: Messik (20. min.); 0-3: Pedrok (25. min.); Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horiak: Athleticeko Susaeta eta Iraolari; eta Bartzelonako Xavi eta Iniestari. Bestelakoak: 55.000 ikusle inguru Vicente Calderonen, horietatik 17.000 Athleticeko jarraitzaileak.
Malko gehiegi dira hain denboraldi onerako. Kolpe gehiegi hain joko samurrerako. Bi final txar eta aho zapore garratza historiara igaroko den denboraldia biribiltzeko. Perfekzioaren aurrean Athletic onena ere txiki geratuko litzateke. Eta Espainiako Kopako finaleko Athleticek ezer gutxi eduki zuen atzo onetik, Bukaresten gertatu bezala, presioak eta arerioak itota sentitu zelako berehala taldea. Bukaresteko eta Madrileko emaitzek ezin dute ezkutatu zuri-gorrien denboraldi bikaina. Zaleek gozatu handia hartu dute denboraldian zehar, eta etorkizunerako oinarri sendoa eraikitzen ari dira bilbotarrak. Baina ez da samurra izango hain denbora gutxian jasotako bi kolpeak barneratzea.
Europako Ligak ikasgai gisa balioko zuela; jokalariak amorrazioz beteta zeudela; Bartzelonaren atzealdea erabat ahulduta zegoela; kataluniarrek Txapeldunen Ligako eta Espainiako Ligako ezinaren zama zeukatela... Baikortasun giroa sortzeko amu gisa erabili dira Bilbo aldeanaipamen horiek guztiak. Baina hiru minuturen buruan galdu zuten zentzua baieztapen horiek guztiek.
Egiari zor, harrigarria izan zen Bartzelonaren lehen zatia; harrigarria lehen hiru jokaldietan erakutsitako garaipen gosea. 28. segundoan, kontraerasoan, Messik oso gutxigatik bidali zuen baloia kanpora; bigarren minutuan Messik, Alexisek eta Adrianok landutako jokaldia amaitzeko zorian egon zen Pedro, eta Aurtenetxeren gorputzak utzi zuen ezerezean ahalegina; eta hirugarren minutuan, aurreko jokaldiaren jarraipenean, kornerrean, Javi Martinezek ez zuen asmatu baloia urruntzen, eta Pedrok ez zuen barkatu. Hiru minutu, hiru jokaldi, eta finala desorekatuta.
8. minutuan egin zuen jokaldi txukuna gorabehera —Llorentek ez zuen asmatu azken pasean—, galduta zebilen Athletic. Bitartean, presioa goi-goian eginda eta baloiari abiadura harrigarria emanda, gozatzen jarraitzen zuen Bartzelonak. 16. minutuan hamar zentimetro eskas falta izan zitzaizkion Messik area ertzetik ezkerrez egindako jaurtiketari perfekzioaren definizio gisa erabiltzeko; Xavik 18. minutuan gora bidali zuen baloia, beste jaurtiketa erraz batean. Eta 20. minutuan iritsiko zela zirudiena iritsi zen. Baloi inozoa galdu zuen Athleticek atzealdean, Iniestak pase neurtua bidali zion Messiri, eta argentinarrak, area txikian bertan, ez zuen huts egin. 0-2.
Perfekzioaren azken ukitua Pedrok berak eman zion Bartzelonari, 25. minutuan. Piquek baloi sakona bidali zion Xaviri, erdilariak dotore utzi zuen baloia atzean, eta Pedrok, ezkerrez, goxo-goxo bidali zuen baloia Iraizoz iristea ezinezkoa zen txokora. 25 minutu bete berritan, 0-3. Aurreko denboraldietako jokoa aintzat hartuta, koska txiki bat behera eginda ibili da Bartzelona denboraldi honetan. Baina Pep Guardiolaren garairik onenetako jokoa eginda egurtu zuten kataluniarrek Athletic Espainiako Kopako finaleko lehen 25 minutuetan.
Finalaren norabidea aldatzeko zorian egon zen Athletic hurrengo bi minutuetan. Susaetak, 26. minutuan, jaurtiketa ona egin zuen ezkerrez, area barrutik, baina ez zen txarragoa izan Pintoren erantzuna. Hurrengo minutuan, berriz, penalti argia egin zion Piquek Llorenteri, besotik helduta —mugimendu ona eginda, Pintoren ate aurrean bakar-bakarrik geratzera zihoan aurrelaria—. Baina Fernandez Borbalan epaileak ez zuen adierazi. Harrigarria izan zen hori ere.
Hiru aukera partidan sartzeko
Itzaliz joan zen Athletic lehen zatiaren amaieran. Bartzelonak berak eduki zuen gertuago gola, Mascherano zelai erditik egindako jaurtiketa batean, esaterako. Baina Pintok gaizki urrundutako baloi batean, arriskua sortu zuen Muniainen erdiraketak. Poz txiki horrek indartuta, hiru aukera on eduki zituen Athleticek bigarren zatian. Ibai Gomez baloia Pintoren buru gainetik bidaltzen saiatu zen lehenengo; Llorentek behartuegi egin zuen errematea gero; eta Aurtenetxek kanpora bidali zuen errematea azkenik.
Bi final, bi porrot, golik ez alde, sei aurka... Gogorrak dira zenbakiak, denboraldi harrigarri baten amaieran kokatu beharreko zenbaki gogorrak. Perfekzioaren aurrean, ordea, harro erortzeko modukoa da malko bakoitza.
Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona. ATHLETIC 0. BARTZELONA 3
Perfekzioari begira, malkoak
Lehen zati harrigarria egin du Bartzelonak, eta Pedroren bi golekin eta Messiren beste batekin, aukerarik gabe geratu da AthleticDenboraldi ahaztezinaren ondoren, bi finalak galdu dituzte zuri-gorriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu