Irabaztea gauza bat da, eta Peter Saganek (Liquigas) irabazteko daukan modua beste bat. Harrigarria da eslovakiarra Suitzako Itzulian egiten ari dena. Irabazi zuen lehen erlojupekoa, larunbatean; irabazi zuen esprint txiki batean, herenegun; eta irabazi zuen zailagoa zen esprint batean, atzo. Lau egunean hiru garaipen. 22 urte besterik ez dauka Liquigasekoak, baina 31 garaipen pilatu ditu jada azken bi urte eta erdian; horietako hamalau, World Tour mailako lasterketetan. Aurtengo datuak ere ikusgarriak dira, hamar garaipen pilatuta dauzkalako dagoeneko; besteak beste, bost garaipen lortu zituen Kaliforniako Itzulian, zazpi etapako lasterketan. Klasikoetan ere aurrerapauso argia eman du, bigarren izan zelako Gante Wevelgemen, hirugarren Amstel Gold Racen, laugarren Milan-San Remon eta bosgarren Flandriako Tourrean.
Ihes egiteko ahalegin asko izan zen atzo, baina 80. kilometrora arte ez zen gorpuztu ihesaldia. Bederatzi lagun joan ziren ihesean, eta tartean zen Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi). Ia lau minuturen aldea ere izan zuen taldeak. Tropela gainean zela, Martin Kohler (BMC), Sergio Paulinho (Saxo Bank) eta Brian Vandborg (Spidertech) lehenengo, eta Lars-Petter Nordhaug (Sky) gero, saiatu ziren are gehiago estutzen. Baina Liquigasek dotore kontrolatu zituen ahalegin guztiak. Sagan ondoan edukita, bermea da lan egitea. Bosgarren etapa jokatuko da gaur, 192,7 kilometrokoa, Trimbach eta Gansingen artean.
Peter Saganek hirugarrenez irabazi du etapa bat Suitzako Itzulian
22 urte besterik ez duen arren, eslovakiarrak 31 garaipen pilatu ditu azken bi urte eta erdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu