Petra Kvitovak lehen Grand Slama irabazi du, Wimbledonen

Txekiarrak nagusitasunez hartu du mendean Maria Xarapova errusiarra finalean (6-3 eta 6-4)

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Kostako zaio Petra Kvitovari atzoko eguna ahaztea. Ez da gutxiagorako, tenislari txekiarrak bere kirol ibilbideko lehen Grand Slam torneoa irabazi baitzuen, non eta Londresko All-England klubeko pista nagusian, zer eta Wimbledon torneo handi entzutetsuena. Nagusitasunez egin zuen, gainera, finalean Maria Xarapova errusiarrari bi setetan irabazita: 6-3 eta 6-4.

Ustez, Xarapova zen finala irabazteko faboritoa. Indartsu ari zen Londresko belarrean, aurkariak erraz antzean kanporatuta. Bazirudien zuzenean zihoala orain zazpi urte, 17 urte eskas bete berritan Wimbledonen lortutako garaipena errepikatzera. Baina ez. Kvitova gurutzatu da haren bidean, eta errusiararen asmo oro zapuztu. Txekiarrak ez zion aukerarik eman. Sendotasunean eraiki zuen bere jarduna. Joko ikusgarririk egin gabe, baina oso huts gutxi eginda. Xarapovak, aldiz, huts mordoa egin zituen, eta haren kemenari erasan egin zion. Ez zion ezertarako balio izan partidako lehen jokoan Kvitovari sakea haustea. Txekiarra azkar suspertu zen, eta, jabetu orduko, berea zuen lehen seta. Bigarrengoan saiatu zen Xarapova behetik gora egiten, eta izan zituen aukerak, baina aurkariaren sakea irabazi eta jarraian galtzen zuen berea. Eta horrela, ezinezkoa izan zitzaion hirugarren seta behartzea.

Nadal-Djokovic, gaur

Gaur Rafa Nadal balearra eta Novak Djokovic serbiarra ariko dira lehian finalean. Faborito argirik gabeko partida da, gaur-gaurkoz munduko bi jokalari onenak baitira Nadal eta Djokovic. Ez dira kasualitatez ATPko lehen sailkatua eta ATPko hurrengo lehen sailkatua —bihartik aurrera Djokovicentzat izango da postu hori—. Denboraldi honetan lau aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta lauetan serbiarra nagusitu da. Baina gaur Grand Slameko final bat da, beste historia bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.