igerIKETA

Phelpsek beste urre bat, bere olinpiar erretiroan

4x100 estiloetan lortu du, AEBekin. 22. olinpiar domina du, eta 18. urrea. Yang Sun-ek urrea eta munduko marka egin du 1.500 metroetan. Ranomi Kromowidjojok eraman du 50 metro libreetako urrea. AEBek munduko errekorra hautsi dute emakumeetako 4x100 estiloetan. Bukatu da igeriketa Londresko Olinpiar Jokoetan.

2012ko abuztuaren 4a
09:04
Entzun

AEBek irabazi dute gizonezkoetan ere 4x100 metro estiloetako finala, eta taldekideetakoa zen Michael Phelps (AEB, 1985). Hirugarren atera da, tximeletan estiloan; AEBak bigarren ziren ordura arte eta, hari esker, azkeneko lekukoa lehen tokian hasi dute. 22. olinpiar domina izan du hori Phelpsek, eta 18. urrea.

Asteartean gainditu zituen Larisa Latinina errusiarraren 18 dominak, eta ordutik, inoizko olinpiar kirolaririk onena da. Urreez gain, bi zilarrezkoak ditu eta beste bi brontzezkoak.

Final horrekin bukatu da igeriketa Londresko Olinpiar Jokoetan. Phelps ez da gehiago ariko Jokoetan. Lautan aritu da, eta azkeneko hiruretan distiratsu ibili da: Atenasen, Pekinen eta aurten.

Matthew Grevers, Brendan Hansen, Nathan Adrian eta Phelps aritu dira gaur AEBetako taldean.

1. AEB. 3.29.35.
2. Japonia. 1.91ra.
3. Australia. 2.23ra.

Yang Sun-ek urrea eta munduko marka 1.500 metroetan

Yang Sun-ek (Txina, 1991), urreaz gain, munduko errekorra lortu du 1.500 metroetan. Hasieratik nagusitu da, eta inork ez du estutu. Berak zeukan aurreko marka, eta gaurko finalean hiru segundo gutxiagoko denbora egin du: 14.31.02koa.

400 metro libreetan ere Sunek lortu zuen urrezko domina. 200koan, zilarra.

1.500eko sailkapena:

1. Yang Sun (Txina). 14:31.02.
2. Ryan Cochrane (Kanada). 8.61era.
3. Oussama Mellouli (Tunisia). 9.29ra.

Ranomi Kromowidjojok eraman du 50 metro libreetako urrea

Herbehereen modalitatea izan dira historikoki emakumezkoetako 50 metro libreak, baina galduta zeuden olinpiar urrearen jabetza. Gaur berreskuratu du Ranomi Kromowidjojok (1990), aurrena bukatuta. Zilarra ere haientzat izan da: Marleen Veldhuis-entzat.

1. Ranomi Kromowidjojo (Herbehereak). 24.05
2. Aliaksandra Herasimenia (Bielorrusia). 0.23ra.
3. Marleen Veldhuis (Herbehereak). 0.34ra

100 metro libreetan ere Kromowidjojo izan zen garaile.

4x100 metro estiloak (emakumeak)

1. AEB. 3.52.05. Munduko errekorra.
2. Australia. 1.97ra.
3. Japonia. 3.68ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.