Jasper Philipsenek (Alpecin) badaki irabazten. Hala ari da erakusten Espainiako Vueltan. Garaipenek ihes egin zioten Frantziako Tourrean: hiru bider izan zen bigarren. Haatik, Espainiako proban koska bat egin du gora. Hiru esprint besterik ez dira jokatu orain arte, eta horietatik bi irabazi ditu ziklista belgikarrak. Gaur, nagusitasunez gailendu da Albaceten, Fabio Jakobsenen (Deceuninck) aurretik. Holandarrak ezin izan du bezperako garaipena berritu, oso atzetik abiatu behar izan baitu esprinta.
Philipsenen pozari Kenny Elissonderena (Trek) batu zaio. Izan ere, ezustean, maillot gorria eskuratu du txirrindulari frantziarrak. Eroriko batek eragin du lider aldaketa. Oso etapa lasaia ari zen izaten, haizearen mehatxua gorabehera, baina bukaerarako 12 kilometroren faltan eroriko jendetsua izan da tropelaren aurrealdean. Kaltetuenak Romain Bardet (DSM) eta Mikel Nieve (Bike Exchange) izan dira. Urratuz beteta amaitu dute etapa. Ion Izagirre (Astana) ere minberatuta iritsi da helmugara. Rein Taaramaek (Wanty) ez du asfaltoarekin talka egin, baina moztuta eta lidergoari eusteko aukerarik gabe gelditu da. Atzo erori egin zen, baina ondoriorik gabe, azken hiru kilometroen barruan baitzegoen. Maillot gorriak ez dio batere zorte onik eman.
Oier Lazkanok (Caja Rural), Xabier Mikel Azparrenek (Euskaltel-Euskadi) eta Pelayo Sanchezek (Burgos BH) osatu dute eguneko ihesaldia. Hiru lagunek nekez apurtu zezaketen tropelaren legea, eta, zazpi minutuko aldea ere lortu duten arren, esperotako gidoia bete da bukaeran. Lazkano iritsi da urrutien; helmugatik 15 kilometrora harrapatu dute. Tropela nahiko bizi zihoan, esprinterren taldeak soka tenkatzen hasiak baitziren. Haizeak gogor jotzen zuen, baina ez saihetsetik, eta, hartara, ez dute lasterketa apurtzerik lortu.
Entresaka erorikoak eragin du. Galbahea gainditu dutenek itxaron egin diete atzetik zetozenei, eta batera helmugaratu dira Bardet ez beste faborito guztiak, Philipsen buru izan duen tropelean. Belgikarrak hirugarren garaipena du Vueltan, eta hamargarrena ziklista profesional gisa. Bezperan, ez zen ongi kokatu; atzo, aldiz, esprinta bikain prestatu zion Alpecin taldeak.
Esprinterrek errematatzaileei utziko diete bihar tokia. Etapa laua izango da oro har, baina Cullerako gainean izango du helmuga. Hirugarren mailako mendatea da hori, motza –1,9 kilometro da luze– baina gogorra –%9,4koa du batez besteko pendiza–. Vueltan ohikoak bihurtu dira halako bukaerak, eta biharkoa aski izan daiteke liderren arteko buruz buruko lehia ikusteko. Haien artean joka liteke etapa, baina iheslariek ere zeresana eman dezakete.