BrawnGP taldeko Jenson Button gidariak egin zuen atzo Espainiako Sari Nagusiko pole-a. Azken bi lasterketetan postu horiek Sebastian Vetteli eta Jarno Trulliri utzi ondoren, atzo, berreskuratu egin zuen, eta, denboraldiko lehen bi probetan bezala, entrenamendu saioko denborarik onena markatu zituen. Rubens Barrichellok marka hobea egin zuen Q2 saioan, erosoago moldatu baitzen erregai gutxirekin, baina behin autoak kargatu zituztenean txapelketako liderrak agintea hartu zuen, azken itzuliko ahaleginean.
Inoiz baino sona handiagoa hartu du Circuit de Catalunyan korrituko den Sari Nagusiak, talde guztientzat denboraldiaren bigarren hasiera baten modukoa baita. Hainbeste berrikuntza tekniko eta autoetan eginiko hobekuntza ugariekin, badirudi orain artekoak ez duela balio izan. Baina taldeen hobekuntzen inguruko zurrumurru gehienak urrutiko intxaurrak izan dira. Ferrarik bakarrik egin du gora, beste guztiak lehengo moduan baitira, eta guztien buru, Jenson Button.
Bahraingo Sari Nagusian lehen lerroa hartu zuten Toyotako gidariek, bainabat-batean atzera egin dute, ez dago haien arrastorik aurrealdean. Sendo jarraitzen dutenak BrawnGP eta Toro Rosso dira, baina batez ere bi gidari: Button eta Vettel. Haien taldekideek ez zuten lan txarra osatu atzoko saioan, baina aipatu biok nagusitzen ari dira, agintzen. Ez da inor haiek bezain sendoa; ez dute hutsik egiten.
Horregatik gaurko lasterketa ere bien arteko lehia izango da, eta titulua ere bai ziurrenik. Hizkeran ere seguru daudela nabari dute. Buttonek ez zuen uste bizkorrena izango zenik, eta hori gertatzeko auto oso sendoa behar du. Herenegun autoari jarri zizkioten pieza berriek ez zuten espero bezala erantzun, eta gauean egindako lanak merezi izan zuen. Vettelek ere mekanikarien lana goraipatu zuen, pieza berriak egokitzeko lo gutxi egin baitzuten.
Horrek erakusten du zer-nolako intentsitatean ari diren talde guztiak autoaren gainean lanean. Talde nagusien kasuan oraindik eta nekagarriagoa da lan hori, Ferrarik eta McLarenek ezin baitute iraun atzeko postuetan. Atzekoek aurrera egin nahi dute jauzi, eta aurrekoek bere horretan egon. Oraingoz horretan da Button, maisuki egoera kudeatzen. Lagunduko dio aurretik ere, 2004an, tituluaren lehian egon izanak, orduan ohikoa baitzen hura aurrean ikustea.
Haren aurkari nagusiak, berriz, inoiz ez du titulua izan jokoan, baina eskarmentu handiko pilotua dirudi. Vettel, ordea, oso gaztea da, 21 urte baino ez ditu ditu, baina izugarri burutsu eta heldua da. Bere lanean erabat murgilduta dago, eta ez dago kasualitatez Red Bullen talde nagusian. Biak karga gutxirekin irtengo dira gaur, baina Vettelek itzuli pare bat gehiagorako erregaia du.
Pieza berriak, kontu zaharrak
Jenson Button lehen postutik irtengo da gaur, berrikuntza tekniko ugaridun autoen arteko lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu