Abel Barriolak atzoko pilota aukeraketaren ondoren azaldu zuen pasadizoa. Umoreko ageri zen, gustura itzuli baita finalen ingurumarira, eta makina bat aholku jaso omen ditu azken egunotan kalera jaitsi den bakoitzean. «Herrira jaistean batek modu batera jokatzeko esaten dizu, beste batek bestera... iritzi asko dira, eta ezin dira laburbildu». Final batera iritsi eta Leitzaren moduko herri oso pilotazale batean bizitzearen ajeak dira, baina hor, harena da iritzi nagusia, eta Barriolak esan zuenez, badaki nola jokatu behar duen Irujoren aurka. «Oso ondo jokatu behar dut, eta hala ere gal dezaket. Gaizki jokatzen badut, ordea, ziur galduko dut. Hori bai, garbi dut nire jokoa egin behar dudala».
Konfiantzaz ageri da Barriola, aurkaria faboritoa izateak lasaituko balu bezala. Irujori, berriz, «bost axola» zaio apustuzaleen iritzia. «Biok dugu presio bera, saria bera delako, txapel bat. Hori edozeinek presionatzen du». Izan ere, eta makina bat final jokatu izan arren, Iberokoari sabeleko tximeletak ez zaizkio inoiz joaten. «Etzikoa buruz buruko bederatzigarren finala da... eta agian kirio gehiago ditut. Gehiago jokatu ahala, gehiago irabazi nahi dituzu. Garrantzitsuena lehen sakea errestatzeko garaian hankek dar-dar ez egitea da, eta hori oso zaila da kontrolatzen».
Pilotei dagokienez, hautu oso ezberdina egin zuten, eta biak luze aritu ziren aukeraketa lanean. Irujok hamalau minutu pasatu zituen, eta Barriolak hamar inguru. Iberokoa, ohiko denez, ez zen piloten inguruan mintzatu, bai, ordea, leitzarra, eta bere hautuak ez zuen erabat asebete. «Pilota bat berehala hautatu dut, baina gehiago kostatu zait bestea aukeratzea. Graziarik gabe gelditu direla iruditu zait, baina aurkitu dut gustuko beste bat. Dena den, ez dago arazorik pilotekin». Irujorenei buruz frontisetik gutxi irteten direla nabarmendu zuen: «Errematean jokatzeko egokiak dira». Juan Mari Juaristi pilota aukeratzaileak, berriz, sorta osoko pilotak «nahikoa eta gehiegi» zirela esan zuen.
Aspaldian ez dute buruz buru jokatu Donostiako Atanon, eta biek bat egin zuten pilotalekuak jokoa baldintza dezakeela. Lurra oso higatuta dago, eta erasoan ari den pilotaria saritzen du: «Urteak pasatu ahala lurrak dirdira gehiago egiten duela iruditzen zait, eta oso zaila da defendatzea, hori aste hauetako entrenamenduetan gogoratu dut». Irujok, bestalde, «defendatzeko pilotaleku guztiak txarrak» direla nabarmendu zuen eta Atanoko ezker pareta ukitzean pilota ez dela zuzen irteten.
Ekimenaren garrantzia
Bi estiloren arteko borroka izango da gakoa, beraz, defentsa lana zailtzen duen pilotaleku batean: «Ekimena hartzeaizango da». Barriolak esana. «Piloteoan agintzea oso garrantzitsua izango da. Iruñeko partidan, Juanek errematerako aukera izan zuenean min handia egin zidan». Irujo, berriz, grafikoagoa izan zen. «Nik erasokor jokatu behar dut, errematatuz. Ez badut errematatzen ez dut irabaziko, eta gero jo puntua zuzen egon dadila. Garbi dut seitik piloteatzen ezinezkoa dela Barriolari irabaztea. Ligaxkako partidan, sakearekin asmatu zuenean, 10-2 aurreratu zen».
Adierazpenen ondoren, Barriolak ordu erdiko entrenamendua egin zuen Jon Jaunarena leitzar gaztearekin. 20 urte ditu, eta hilaren 29an egingo du debuta, Tolosan. Lau t'erdian jokatu zuten, eta gazteak oso estu hartu zuen auzokidea. Nabarmentzeko eskuin bolea batekin hormabikoz lorturiko tantoa, eta oraindik pilotalekuan zeuden berrogei bat zaleak harritu zituen. Itxura ona du.