PILOTA. BERRIA Txapelketa, finalerdietatik gertu

Hernani-Mallabia, Oberena-Zazpi Iturri eta Umore Ona-Aurrera Saiaz ariko dira hirugarren fasean

Erredakzioa
2004ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Amaitu da Berria Txapelketako bigarren fasea. Asteburuan gelditu da erabat eguneratuta, elurtearengatik atzeratutako partidak ere jokatu baitira. Bi datu nabarmentzekoak: Baztango Txaruta ez dela sailkatu, eta Goizuetako Umore Onak joko aparta egin duela.

Ostiralean, Hernanin, etxekoak eta Azkoitiko Anaitasuna aritu ziren. Kadeteetan Aizpitarte eta Grajalek 22-08 irabazi zieten Andreu eta Epelderi. Hernaniarrek, Gipuzkoako txapeldunek, erraz irabazita, kluba sailkatzeko moduan jarri zuten. Onena Aizpitarte izan zen. Gazteetan, Erdozio eta Gorrotxategik 22-17 irabazi zieten Beristain eta Goenagari. Gorrotxategi aritu zen ongi, baina partida txarra izan zen. Nagusietan, Zabala eta Mendizabalek 14-22 galdu zuten Larramendi eta Zapirainen aurka, eta horrela egin zuen aurrera Hernanik.

Retegi II.a eta Etxaniz teknikariak, jendartean

Larunbatean, Hernanin bertan, Goizuetako Umore Onak eta Leitzako Aurrerak jokatu zuten ikusmin handia sortu zuen lehiak. Goizuetarrek oso talde ona dute. Bertan izan ziren Julian Retegi eta Jokin Etxaniz, Asegarceko eta Aspeko teknikariak, eta Asier eta Aimar Olaizola anaiak. Kadeteetan Narbarte eta Eskuderok 22-13 irabazi zieten Carballo eta Belokiri Euskadiko txapelduna da azken hori. Gazteetan, Apezetxea eta Otxotorenak 22-15 irabazi zieten Olazabal eta Beteluri. Lau pilotariak maila honetako onenetakoak dira, eta Apezetxea agian onena, nahiz eta oraindik kadetea den. Retegi eta Etxaniz bera ikustera joan ote ziren? Nagusietan, Zerezo eta Apezetxeak 22-10 irabazi zieten Bengoetxea eta Etxegarairi. Onena Zerezo izan zen.

Igandean, Aginagan, Altsasuko Pilotajauku eta Bidegoiango Aurrera-Saiaz aritu ziren, eta gipuzkoarrek irabazi. Kadeteetan Telletxea eta Galarragak 22-18 irabazi zieten Iturrioz eta Lopez de Zubiriari. Partida gogorra egin zuten. Gazteetan, Renobales eta Galarragak 22-12 irabazi zieten Lopez de Zubiria eta Mendiluzeri. Gipuzkoarrak Euskadiko txapeldunordeak dira eta eurek puskatu zuten partida. Nagusietan, Belloso eta Pastrianek 22-18 irabazi zieten Mazkiaran eta Retegiri. Hauek ere partida gogorra egin zuten, tanto luze asko tartekatuz.Igandean jokatu zen, Urnietan, Baztango Txaruta eta Mallabiaren arteko ere, eta azken horiek nagusitu ziren, fase honetako ezusteko handiena emanda. Txarutakoek kadeteetan eta gazteetan ondo irabazi zuten, baina nagusietan inork espero ez zuen porrota izan zuten. Kadeteetan, Arregi eta Urrutiak 22-11 irabazi zieten Azkarraga eta Uzuriagari. Gazteetan, Pikabea eta Mitxelenak 22-20 irabazi zieten Madariaga eta Aldaperi. Nagusietan Etxebeste eta Elizaldek 4-22 galdu zuten Martin II.arekin eta Solozabalekin. Bizkaitarrek oso ondo jokatu zuten, eta Elizalderi eskuin eskua mindu egin zitzaion. 9 tanto behar zituzten, baina4rekin gelditu ziren.

Asteburuan, hirugarren fasea. Finalerdietarako sailkatuko dira hiru irabazle eta tanto gehien egiten duen galtzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.